Navarra Sumak legea aldatzeko eskatu du, indultuak saihesteko sedizio kasuetan; gainerako alderdiek baztertu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 31a, 10:37
Javier Esparza Navarra Sumako eleduna, parlamentuan, artxiboko irudi batean.

Navarra Sumaren egitasmoaren aurka agertu dira gainerako talde parlamentarioak; besteak beste, eztabaida hori Espainiako Kongresuan zabaldu beharko luketelako, ez Nafarroako Parlamentuan.  

Navarra Sumak ekimen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, indultuen legedia aldatzeko eskatzeko: delitu jakin batzuk baztertu nahi ditu, tartean matxinada eta sediziokoa. Ekimen horren aurka agertu dira gainerako talde parlamentarioak, eta hori defendatzeko foroa Espainiako Kongresua izan beharko lukeela defendatu dute.

Parlamentuko hainbat bozeramailek gogorarazi dutenez, lege hori oso zaharra da, 1870ean sortu baitzuten, eta askotan erabili izan da. Hortaz, kritikatu dute orain indultua jaso dezaketen delitu batzuk murriztu nahi izatea, eta are gehiago, egitasmoa Nafarroara ekarrita.

Ramon Alzorriz bozeramaile sozialistak figura horren "politizazioa eta erabilera" salatu du; haren hitzetan, Navarra Sumak "konfrontazioa" bilatzen baitu Nafarroan.

Ildo beretik, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak adierazi du legea eguneratzea komeniko litzatekeela, baina "desegokitzat" jo du eztabaida Nafarroako Parlamentura ekartzea, eta haren tresnak erabiltzen saiatzea.

EH bilduko Bakartxo Ruizen iritziz, "eskandalu demokratikoa" da buruzagi politiko eta sozialak kartzelan egotea; eta salatu du legea orain aldatu nahi dutenak 1936ko estatu kolpearen edota GALen erantzuleak indultatu dituztenak izatea. Azken 45 urteetan 20.000 indultu sustatu direla zehaztu du.

Mikel Buil Ahal Duguko bozeramailearen hitzetan ere, lege proposamen hau "eztabaida plazaratzeko modu okerra" da; PPk kongresuaren bitartez egin lezakeelako.

Azkenik, Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako eledunak indultuen tresnaren alde egin du, "elkarbizitza hobetzeko erabiltzen denean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!