Nafarroako Parlamentuko eledunek premiazkotzat jo dute segregazioarekin amaitzea

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 31a, 10:35

Steilas sindikatuak aurkeztu duen txosten baten arabera, hezkuntza eredu publikoak hartzen ditu atzerritar jatorriko ikasleen %85. Txosten horri buruz galdetuta, parlamentuko eledun gehienek premiazkotzat jo dute segregazioari aurre egitea.

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, I-Eko eta eledunek bat egin dute Steilasen txostenak dioenarekin, baina ezaguna zen arazo bat dela esan dute, eta, azken urteetan zenbait urrats egin diren arren,  premiazkotzat jo dute neurri eraginkorrak ezartzea, segregazioa borrokatzeko.

EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak, gainera, uste dute ikasleak onartzeko araudi berria ez dela nahikoa izango arazoarekin bukatzeko.

Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak, berriz, esan du nahikoa izan ez dena, beste legegintzaldi batzuetan egindakoa dela, eta Carlos Gimeno kontseilariak aniztasunaren arretarako jarritako oinarriak txalotu ditu. 

Javier Esparza Suma Nafarroako bozeramaileak ohartarazi du Steilas sindikatuak aipatzen duen ikasle atzerritarren kontzentrazio hori sare publikoan gertatzen da, gaztelaniazko ereduarekin, eta egoera ez da berdina herri guztietan.

Steilasen txostenetik harago, hezkuntzak toki nabarmena hartuko du aste honetan parlamentuan, hainbat egitasmo aurkeztu dituztelako.

Segregazioari lotuta, hain zuzen ere, Izquierda-Ezkerrak Gimeno kontseilariari sexu edo generoaren arabera ez bereizteari dagokionez legedia betetzeari lotutako galdera egingo dio. Marisa de Simon bozeramaileak eskandalutzat jo du itunpeko zentro batek, zehazki, Irabia-Izagak, esan izana ez dutela legea beteko. Halaber, Izquierda-Ezkerrak eta Navarra Sumak lan bilkura bat proposatu dute familien elkarteekin, azal dezaten zertan diren berdintasun eta hezkidetza planak, kasazio helegitea onartu ez izanaren ondoren, Skolae indarrik gabe geratu den honetan.

EH Bilduk, berriz, heldu den ikasturterako onarpen prozesuari buruzko araudi berriaz aldetuko dio Gimenori; azken egunetan hainbat eremutako ikaste eta familiak salatzen ari baitira Batxilergoa D ereduan egiteko puntuazioa arautzen duen baremoaren aldaketak erreferentziazko ikastetxerik gabe utzi dituela. Honek are zailago bilakatuko du ikasle horientzat euskaraz ikasten jarraitzea, Bakartxo Ruizek salatu duenez.

Azkenik, Navarra Sumak heldu den ikasturtean eskola jardunaldi jarraitua nahitaezkoa izateari buruzko galdera egingo dio Hezkuntza kontseilariari.

 

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!