Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoak Euskaltzaindiaren maiatzeko osoko bilkura hartu du gaur, eta Unai Hualde ganberako buruak aukera baliatu du gogorarazteko euskara ez dela "liskar politikorako arma gisa" erabili behar, baizik eta "berezko hizkuntza" gisa, "bere aberastasun osoan, errezelorik gabe".
Horiek horrela, hizkuntza normalizazioaren aldeko urratsak egiteko deia egin du, bereziki aipatuz euskara "merezimendu gisa" baloratu behar dela funtzio publikoan: "Berezkoa izan beharko luke, zentzuzkoa da, hizkuntza propioa izanik ".
Amaitzeko, Euskaltzaindiak "bertako bi hizkuntza ofizialetako bat den euskararen defentsan eta sustapenean" duen papera azpimarratu du Hualdek, eta Euskaltzaindiarekin eta inplikatutako gainerako eragileekin batera norabide horretan lan egiteko eta aldarrikatzen jarraitzearen aldeko ahalegina egiteko eskatu du.
Bilkuraren uarretik, Hualdek harrera egin die bere bulego ofizialean Andres Urrutia Euskaltzandiako presidenteari, Sagrario Aleman Nafarroako ordezkariari, Adolfo Arejita Bizkaiko ordezkariari, Miriam Urkia Gipuzkoako ordezkariari eta Jean-Baptiste Coyos Ipar Euskal Herriko ordezkariari.