Bi egunez behin suizidio saiakera bat gertatzen da Nafarroan

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 27a, 12:38

Nafarroako larrialdi zerbitzuek aurtengo lehen lauhilekoan egunean 0,5 suizidio saiakera erregistratu dituzte (15,3 hilabetean).

Nafarroan "itxaropenaren telefonoak" arazo psikologikoekin lotutako 12.799 dei jaso ditu 2020ko martxoan alarma egoera ezarri zenetik. Hauetatik 407k bere buruaz beste egiteko asmoa zuen, 58k krisi suizida jasaten ari zen eta 14 jada suizidio ekintza martxan zutenak ziren.

Larrialdi zerbitzuen datuen arabera, Tuterako zonaldeko datuak gehitzea falta delarik, aurtengo lehen hiruhilekoan bere buruari lesioak egin dizkioten 84 kasu artatu dituzte, 69 pertsona guztira.

Nafarroan suizidioa prebenitzeko eta artatzeko Erakundearteko Koordinaziorako Komisioak emandako datuen arabera, suizidio datuek bilakaera hau izan dute lurraldean: 2019an 45 suizidio erregistratu ziren (34 gizon eta 11 emakume). 2020an 43 izan ziren (31 gizon eta 12 emakume). Konfinamenduan zehar 4 suizidio izan ziren, baina konfinamendutik irtetean, ekainean eta uztailean, 16 izan ziren, 8 hilabete bakoitzean.

Suizidioa prebenitzeko eta artatzeko gida egin dute poliziek

Nafarroan suizidioa prebenitzeko eta artatzeko Erakundearteko Koordinaziorako Komisioak polizientzat praktika onen gida aurkeztu du. Erakundearteko komisio hau, Osasun, Gizarte Politika, Hezkuntza, Polizia Foral, Itxaropenerako Telefonoa, Medikuntza Legalerako Institutua, Larrialdi Agentzia, Kazetarien Elkarte eta bere buruaz beste egin dutenen senideen Besarkada elkarteak osatzen dute. Gida hau, berriz, Polizia Foralak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak osatu dute eta hiru ildo estrategiko zehazten ditu: prebentzioa, esku-hartzea eta ostekoa.

Prebentzioaren barruan sartu dute formazioa, kontakturako puntuak eta etengabeko elkarlana izatea elkarte, prebentzio baliabide eta polizien artean. Esku-artzearen barruan gidak azaltzen du nola jokatu modu sinergikoan bai suizidio saiakera kasuetan eta baita dagoeneko gauzatu denean. Eta ostekoak lantzen du nola lagundu familian eta gizartean dolua eta itxiera egiten.

Nafarroako Gobernuaren arabera, praktika honen gidaren helburua da diziplina anitzeko erramintak batzea eta osasun publikoan suizidioak duen garrantziaz kontzientzia hartzea.

Lehen Arreta komisioan sartzeko beharra

Erakundearteko Komisioak nabarmendu du Osasuneko Lehen Arretak paper garrantzitsua betetzen duela kasuak zaintzen eta aurrerantzean komisioko parte izango da.

Albiste hau Argiak landu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!