CPAEN/NNPEKek 25 urte bete ditu, 2.500 elikagai ekologiko ziurtatuta, eta "hazkunde etengabean"

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 26a, 10:55

NNPEK eta INTIA taldeetako kideak, gaurko agerraldian.

CPAEN/NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak 25 urte bete ditu, 2.500 elikagai ekologiko eta 724 operadore ziurtatuta, eta hektarea nahiz ekoizle kopuruan hazita. Urte hauetan egindako ibilbidea irailean ospatuko dute.

Duela 25 urte sortu zuten CPAEN/NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, eta bereziki 2015etik hona, hazkunde nabarmena izan du. Gero eta operadore gehiago dira, bai eta hektarea gehiago ere.

NNPEKen datuen arabrea, une honetan, 724 operadore eta 60.400 hektarea ziurtatuta ditu; horrek esan nahi du Nafarroan, operadore kopurua %5,5 hazi dela 2020ko urtarrilaz geroztik, eta ekoizpen ekologikoak hartzen duela Nafarroako nekazaritzaren azaleraren %6,7. Labore nagusiak larreak, zerealak, mahastiak, olibondok eta barazki freskoak dira; 2.500 elikagai.

Erronka, Europak eskatzen dituen portzentajeak

Azken urteotan izaniko hazkundeak, ordea, jauzi handia egin beharko luke, Europar Batzordeak eskakizunak beteko badira. Izan ere, “Etxaldetik mahaira” estrategiarekin bat, nekazaritza azalera ekologikoak %25etik gorakoa izan beharko du 2030ean, eta egia esan, Nafarroan oraindik ere zenbaki horietatik urrun gabiltza.

Bestalde, arlo batzuk ez daude sektore ekologikoan ordezkaturik, eta aukera ematen dute haietan hasteko edota trantsizioa egiteko: txerri-azienda, untxiak, esnetako behiak, babarrunak edo egoskariak, adibidez.

Horretarako, NNPEKk lanean jarraituko du sektorea ekoizleekin batera egituratzeko eta tokiko elikadura-sistema jasangarriagoak eraikitzeko, betiere Europako Batzordearen “Etxaldetik mahaira” ekimenaren helburuak betetze aldera eta nekazariei eta abeltzainei lagunduta, ohiko ekoizpenetik ekologikoranzko trantsizioa egin dezaten.

NNPEKk operadoreak ugaritzeko eta nekazaritza azalera ekologikoa handitzeko asmoa dauka, datozen urteotan. Horretarako, hainbat helburu ezarri ditu: hots, herritarrak oro har sentsibilizatzeko prozesua lantzen jarraituko du, jendea ohartzeko zeinen garrantzitsua den kontsumitzea elikagai ekologikoak, tokikoak, freskoak, garaian garaikoak eta ekoizpen primarioraekin hornitutakoak; eta era berean, ekoizpen ekologikoak eta hartan ari diren pertsonek duten garrantzia azpimarratzea, despopulazioaren aurka diharduen landa-mundu biziari eusteko.

Nafarroak Europako estrategiarekin bat eginik, uste izatekoa da Nafarroako sektore ekologikoak hazkunde nabarmena izanen duela datozen urteotan, beste autonomia batzuetan eta Europako zein munduko beste herrialde batzuetan dauden zenbakiekin bat. Horren haritik, Espainia da oraindik ere ekoizpen ekologikoari azalerarik handiena eskaini dion herrialdea, eta ondoren, Frantzia eta Italia heldu dira.

  1. urtemuga irailean

NNPEK 1996an sortu zen, eta ekoizpen ekologikoa kontrolatu, ziurtatu eta sustatzeko agintaritzari dagozkion eginkizunak hartu zituen bere gain; agintaritza bakarra, gainera. Orduan, 700 hektarea ziren eta, horrekin batera, pertsona talde bat, elikagai ekologikoak ziurtatu eta sustatzeko erakunde bat sortzearen garrantziaz guztiz jabeturik. Hasieran, hura talde txikia zen. Egun, ordea, sektore estrategikoa da, urtez urte tokian-tokian, estatuan eta munduan etengabe hazten ari dena

 Mugarria ospatze aldera, NNPEK urtemugaren egitaraua azkentzen ari da. Zehazki, Noainen eginen da, irailaren 24tik 26ra, Nafarroako VI. Azoka Ekologikoarekin bat. Azokaz gain, gauza aunitz antolatuko dira, hala nola erakusketak, tailerrak, musika animazioak, kontzertuak, sukaldaritza ekologikorako eremua, bai eta bertako arrazen erakusketa ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!