Parlamentuko eledunek poliziaren biktimen legeari buruzko Auzitegi Konstituzionalaren epaia baloratu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 24a, 09:47

Nafarroako alderdiek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren inguruko balorazioa eman dute, zeinak ontzat jotzen duen eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoen biktimen errekonozimendurako Foru Legea. Mahai gainean jarri dute "berehala" organo bat sortzea, giza eskubideen urrakeei buruzko informazioa bilduko duena.

EH Bildurentzat, nahiz eta motza geratu, legea indarrean sartzea aurrerapauso garrantzitsua da, legearen onuradunek bigarren mailako biktima izateari utziko diotelako. Hain zuzen ere, Adolfo Araiz koalizio abertzaleko parlamentariak gobernuari galdegin dio lehenbailehen jar ditzala martxan legean aurreikusitako lanak, eta eratu dezala errekonozimendu eta erreparaziorako batzordea, biktima horien giza eskubideen urraketari buruzko informazioa bilduko duena, dokumentazioaren azterketetan oinarrituta.

Geroa Baiko Uxue Barkosen iritziz, “epai garrantzitsua" da, eta erakusten du helegitea eman zuten alderdien argudioak “pobreak” direla; eta Vox eta PPk, parlamentuan gehiengoa ez izanik, justizia politizatu nahi izan dutela. Halber, aurreko legegintzaldian egindako lanaren berme bat dela adierazi du.

PSNk adierazi du biktimen erreparazioa beharrezkoa dela, baina kontua ez dela errudunak bilatzea. Dena den, batzordea eratzearen alde agertu da, printzipioz.

Testuinguru honetan, Navarra Sumak mozio bat erregistratu du, Espainiako Gobernuari. Premiatzeko aitortza adieraz diezaiela beren lana Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin duten polizia nazionalei, haientzako bereizgarri bat sortuz.

Ahal Duguren iritziz,pausu hori eskuinaren erreakzio bat da, Konstituzioaren epaiaren ostean;  eta Mikel Buil bozeramaileak “frentismoa eta populismo merkea” alde batera uzteko eskatu dio Navarra Sumari.

Jose Suarez Navarra Sumako parlamentariak esan du "albiste ona" dela Auzitegi Konstituzionalak lege horren inguruko zalantzak argitzen dituen ebazpen bat ematea. "Arau batek zalantzak sortzen dituenean, helegitea aurkezteko gaitasuna badugu, aurkeztu egiten da eta Konstituzio Auzitegiak denoi argitzen digu auzia", esan du. Batzorde berehala osatzeko aukerari dagokionez, esan du oraindik ez dutela jarrera bat finkatu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!