Ikasturtea jardunaldi jarraituarekin hasiko da, baina ez dituzte beste aukera batzuk baztertzen

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 20a, 10:39
Carlos Gimeno Osasun kontseilaria, artxiboko irudi batean.

Carlos Gimeno kontseilariak iragarri du 2021-2022 ikasturtea jardunaldi jarraituarekin hasiko dela, baina ez dituztela baztertzen beste aukera batzuk, hala nola jardunaldi zatitua, edo jarraitua eskolaz kanpoko jarduerekin.

Hurrengo ikasturtea goizeko jardunaldi jarraituarekin hasiko da, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Hala iragarri du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak gaur goizean ,2021/2022 Ikasturteko Kontingentzia Planaren aurkezpenean. 

Azaldu duenez, osasun agintariek arrisku epidemiologikoak hala eskatzen duela uste duten bitartean mantenduko dute jardunaldi hori, baina ez dute baztertzen beste jardunaldi batzuk ezartzea, hala nola eskolaz kanpoko jarduerekin edo lanaldi zatitua.
 
Iazko ikasturtearekin alderatuta, berritasun gisa, jarunaldian aldaketak ezartzeko aukera aurreikusten dute, egoera epidemiologikoak hala ahalbidetzen badu. Ikasturteko bi une zehatzetan izango litzateke: urriko lehen hamabostaldian edota gabonetako oporren ondorengo lehen hamabostaldian. Ikastetxeek pandemiaren aurreko jardunaldia eta ordutegiak berreskuratu ahal izango dituzte bi aldi horietan, betiere osasun egoeraren arabera. 
 
Halaber, prebentzio, garbitasun eta higiene neurri guztiak mantenduko dituztela ziurtatu du, eta ikasturte honetarako ezarritako irakaskuntza-errefortzuei eutsiko dietela eta ikastetxeei CO2 neurgailuak emango dizkietela.
 
Patioan, maskararik ez

Zehaztu duenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako jardunaldia ez da 09:00ak baino lehen hasiko, ezta 14:30ak baino beranduago luzatuko ere, eta egunero jangela zerbitzua eskainiko da. Halaber, burbuila taldeak edo bizikidetza talde egonkorrak mantenduko dituzte. Horietan, ikasleek ez dute zertan elkarrengandik urrun egon, baina ezin dira patioan edo korridoreetan beste klaseetako ikasleekin nahastu.

Berrikuntza gisa, Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute patioan maskara eraman beharko, jostailuak eta baloiak partekatu ahal izango dituzte, eta ikasle guztiek hamaiketakoa kanpoko patioetan hartzea gomendatuko dute. 

Nafarroako Gobernuak maila eta etapa guztietan aurrez aurreko eskolekin hasiko du ikasturtea; eta baieztatu du Nafarroak irakaskuntza indartzeko baliabideei eutsiko diela eta Haur Hezkuntzako ratioa 20 ikaslekoa izango dela ikasgela bakoitzeko.
 
Zentroak ixteko aukera baztertu gabe

Kasu horiek guztiak agertoki nagusian sartuko lirateke: aurrez aurreko irakaskuntzari eustea, jarduera etapa eta ikasturte guztietan. Hori izango da helburu nagusia; hala ere, egoera asko okertuko balitz, bigarren agertoki bat legoke: zentro bat, batzuk edo guztiak erabat ixtea, osasun agintariek zehazten dutenaren arabera.
 
Osasun eta hezkuntza protokolo berria dagoeneko zentroetara bidali dute dagoeneko, eta "malgua" izango da egoera epidemiologikoaren arabera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!