Migrazio politiken konferentzia sektoriala bildu dezala eskatu dio Nafarroak Espainiari

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 19a, 15:17

Argazkia: @ManuelRuizAdame

Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jo du autonomia-erkidegoek eta gobernu zentralak elkarrekin lantzea Maroko eta Ceutaren arteko gatazka.

Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken eta Justiziaren Departamentuak Migrazio Politiken Konferentzia Sektoriala eskatu dio Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari, Jose Luis Escriva ministroaren bitartez. Gobernuak beharrezkotzat jo du autonomia-erkidegoek eta gobernu zentralak batera jorratzea lan-arlo hori, Maroko eta Ceuta arteko mugan gertatutakoagatik migrazio-politikek erabateko gaurkotasuna hartu dutela ikusirik.

Patricia Ruiz de Irízar Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken zuzendari nagusiak adierazi duenez, konferentzia sektoriala deitzea "premiazkoa da une honetan"; baina, unean uneko egoeratik haratago, "politika publikoak koordinatzeko tresna ahaltsua da beti, arlo humanitarioa, larrialdia, elkartasuna edo gorroto-mezuen prebentzioa nahasten dituen gai batean".

Ruiz de Irízarrek adierazi duenez, erkidegoek ezagutu eta baloratu behar dituzte egon daitezkeen lege-aldaketak edo migrazio-politikekin zerikusia duten beste alderdi batzuk, baita horrelako uneetan bat-batean sor daitezkeen harrera- eta elkartasun-beharrei erantzun ere. "Erantzun egokiak, solidarioak eta iraunkorrak eman nahi dizkiegu bai egiturazko fenomenoei, bai unean uneko salbuespenezko egoerei, Nafarroa harrera-lur gisa hartuta, eta hori frogatzen ari da", berretsi du.

Ildo horretan, Migrazio Politiken zuzendari nagusiak gogorarazi du "Share proposamenaren alde" egin duela Nafarroako Gobernuak, "irizpide objektiboak ezartzen baititu migratzaileak eta errefuxiatuak Europar Batasuneko eskualdeen artean modu solidarioan eta erantzunkidean banatzeko". "Proposamen honekin bat egin dugun komunitateok modu koordinatuan lan egiten dugu, norberaren ekimenez; eta oso kontziente gara koordinazio horren balioaz", gaineratu du.

Hori dela eta, Ruiz de Irízarrek azpimarratu du "beharrezkoak" direla "informazioa, tresnak eta estrategiak Ministerioarekin eta beste autonomia erkidegoekin partekatzeko espazioak", eta, horregatik, Migrazio Politiken Konferentzia Sektoriala deitzeko "beharra eta aukera" azpimarratu ditu.

Nafarroak 140.000 euro bideratuko ditu baztertuta geratzeko arriskuan dauden migratzaileak hartzeko

Nafarroako Gobernuak 140.000 euro bideratuko ditu Gurutze Gorriak kudeatzen duen gizarte bazterketa arriskuan dauden migratzaileei harrera egiteko programa garatzeko. Asteazken honetan, Nafarroako Jauregian, Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak jarduera hori finantzatzeko bideratzen duen diru-laguntza arautzen duen hitzarmena sinatu da.

Hala, Gurutze Gorriak bi egoitza-baliabide kudeatuko ditu, guztira 14 plaza izango dituztenak, alde batetik, gizon migratzaile gazteei aldi baterako erabilera emateko, eta, bestetik, bakarrik dauden emakume migratzaileei eta/edo ardurapean dituzten adingabeekin batera doazen emakumeei aldi baterako erabilera emateko. Biak Iruñean eta Tuteran daude, hurrenez hurren.

Hiriburuan, gainera, Acompaña programa mantentzen da, 2020an hasitako esperientzia pilotu gisa, 8 familia-unitaterentzako edukierarekin. Guraso bakarreko etxeak osatzen dituzten eta Iruñeko Udaleko larrialdiko etxebizitzetan bizi diren emakume migratzaileak dira hartzaileak.

2020an, baztertuta geratzeko arriskuan zeuden migratzaileak hartzeko programak 123 pertsona artatu zituen, eta haietako 35i eskaini zien harrera (19 gizon gazte eta 16 emakume eta adingabe).

Acompaña programari dagokionez, iaz 28 pertsona artatu ziren: larrialdietarako etxebizitzen titular diren 8 emakume, 16 adingabe, 18 urtetik gorako hiru gazte eta mendeko pertsona bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!