Baluarte Fundazioak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren bidez, eta baita Garesko Udalak ere, hainbat ekintza prestatu dituzte Arrietaren obra berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko; eta hala, urte honetan musikariaren berpizkunde bat gertatuko dela adierazi du Oihan Mendo, Garesko alkateak.
Garesko Udalak, zazpi ekintza hartzen dituen jarduera-egutegi bat antolatu du, musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko, harengan oinarritutako kontzretu eta hitzladiekin. Alkatearen irudiko, herria kontziente da musikariaren garrantziaz, baina beharrezkoa da gazteenganako transmisioa ere egitea.
Nafarroako Gobernuak bultzatuko dituen jardueren artean, musikagilearen argitaratu gabeko hainbat obra berreskuratuko dituzte: 1883an Madrilen estreinatu zenetik kontzertuan entzuten ez zen "San Franco de Sena" zarzuela berreskuratu dute, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldian entzun ahalko da;
Halaber, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak musikariaren bi obra garrantzitsu grabatuko ditu, “Recuerdos de ‘El dominó azul’ en forma de obertura” eta "Capricho para orquesta sobre temas de Gaspar Sanz".
Gainera, urteko azken hiruhilekoan haren inguruko hainbat musika hitzordu izango dira. Urrian, Nafarroako Errege Artxibategian errezitaldi liriko bat egingo dute, musikagilearen soprano eta pianoarentzako abestietan oinarrituz; eta Baluarte Auditorioan, "Marina" entzun ahal izango da, Arrietaren opera-zarzuela unibertsalena.
Azkenik, Nafarroaren Egunean, bi orkestra-lan interpretatuko dituzte: “Recuerdos de ‘El dominó azul’ en forma de obertura”eta “Capricho para orquesta sobre temas de Gaspar Sanz”.