LAB, ELA eta UGT sindikatuek eskatu dute ez dezatela eskola guztietan jardunaldi jarraitua inposatu

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 14a, 11:33
LAB, ELA eta UGT sindikatuek protesta egin dute, Hezkuntza Departamentuaren aurrean.

Sindikatu horiek larritzat jo dute maiatzaren amaiera izanik, ikasturtea bukatzeko hilabete bat baino ez denean geratzen, oraindik ez jakitea zer ordutegi izango duten ikastetxeek datorren ikasturtean, eta eskola jantokietako ehunka langilek ez jakitea lanik izango ote duten datorren ikasturtean.

LAB, ELA eta UGTren iritziz, ikastetxe guztietan lanaldi jarraitua ezartzeko erabakiak ez du ekarpen positiborik egiten egungo osasun egoeran, eta ordea, eragin negatiboak ditu jada berez lan baldintza eskasak dituen sektore batentzat. Berta Gartzia, LABeko kidea da:

“Hainbat arrazoi daude: batetik, ez du ezer positiborik ekarri; bestetik, gurasoen elkarteek ezetz esan dute; eta, gainera, jantokietako langileentzat ondorio larriak ditu”, adierazi du Berta Gartzia LABeko kideak. “Jantokiko langileen %95 emakumeak dira, lanaldi partzial oso txikiak dituzte, soldatak oso txikiak dira, eta martxotik 400 pertsona enplegu erregulazio espedienteekin daude”.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak iragan astean adierazi zuen "hezkuntza-komunitate osoarekin" hitz egin dutela, eta "agente batzuk lanaldi jarraituaren alde daudela, eta beste batzuk zatituaren alde; eta beraz, Osasun eta Hezkuntza Departamentuak izango direla azken proposamena zehaztuko dutenak, datu guztien eta hezkuntza-sistemaren beharren ikuspegi orokorrena eta osoena kontuan hartuta. Zehazki, esan zuen aste honetan jakinaraziko zutela azken erabakia; baina, ordea, ez da iritsi.

Horiek horrela, hiru sindikatuetako kideek erantzukizuna eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, erabaki hori hartzeko orduan. “Horrela jarraitzen badugu, emakume askok miseria eta pobrezian bukatuko dute”.

Ikastetxeek, hezkuntza komunitatearekin batera, erabakiak hartzeko eta nahi duten eskola ordutegia ezartzeko autonomia izan behar dutela gaineratu dute; eta ezarritako lanaldi jarraitua bertan behera gelditzeko eskatu dute, pandemia aurreko ordutegietara itzuli ahal izateko, eskolaz kanpoko jarduera osagarriak baliatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!