Skolaek aurrera jarraituko du, Berdintasunerako Foru Legearen babespean

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 14a, 09:08

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Nafarroako Gobernuak Skolae auzian aurkezturiko helegitea, baina Hezkuntza Departamentuak ziurtatu du dekretu bat prest duela, forma akatsak zuzentzeko, eta programak aurrera jarraituko dutela.

Gorenaren epaiak ez du Foru Gobernuaren ibilbide orria aldatu. Ikasturte honetan 221 ikastetxek emango dute Skolae hezkidetza programa, Nafarroako Justizia Auzitegi NAgusiak forma akats batengatik. Plana normaltasunez eman da ikasturte honetan, eta irailetik aurrera Nafarroako ikastetxe publiko eta itunpekoetan zabaltzen jarraituko dute.

Programak 2019an onartutako  Gizonezkoen eta Emakumezkoen Arteko Berdintasunerako Foru Legearen babesa du, eta hezkidetzari buruzko foru dekretuaren babesa ere izango du. Dekretu hori alegazio-prozesuan dago, eta 2021-22an egongo da indarrean. Hala ziurtatu dute Hezkuntza Departamentutik, Auzitegi Gorenak atzera bota ondoren Foru Gobernuak Skolae formazko epai batengatik baliogabetzen zuen ebazpenaren aurka aurkeztutako helegitea. Ikasturte honetan 221 zentro nafarrek eskaini dute Skolae programa.

Bide malkartsua

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Skolae egitasmoa baliogabetu zuen iaz, forma akats bategatik: erregelamendu gisa izapidetu behar zela esan zuten, eta ez administrazio-egintza baten bidez, programa hori curriculumean zeharkako gai gisa sartu baitzen.

Carlos Gimenoren Hezkuntza Departamentuak ebazpen horren aurkako kasazio helegitea aurkeztu zuen, egitasmoa bertan behera utz ez zezaten, forma akatsa konponduko zutela esanez. Aste honetan, Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren aretoko epaileek helegite hori atzera bota dute, kasazioaren ikuspegitik eraginkortasunik ez duelakoan.

Ebazpena asteazkenean ezagutu zen, eta egun horretan bertan Nafarroako Gobernuak iragarri zuen Skolae egitasmoari oinarri legala egiteko foru dekretua karrikaratuko duela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!