Gobernuak lanbide heziketako ikasketetan euskarazko hezkuntza baztertzen duela salatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 13a, 13:37

2016an Sortzen elkarteak eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egindako protesta.

Ziklo berrien %10 eskainiko da euskaraz. Sindikatuak ohartarazi du orain arteko "joera baztertzaileari" jarraipena eman diola gobernuak.

Datozen egunetan hasiko da lanbide heziketako matrikulazio epea. Inoiz baino ikasle gehiagok eta eskaintza zabalagoarekin hasiko dituzte ikasketa hauek. Baina ziklo berrien %10 soilik eskainiko da euskaraz, ELA sindikatuak ohartarazi dutenez. "Orain arteko joerari baztertzaileari jarraipena emanen zaio. Gainera, Iruñerriako eskaintza ez da ia zabaldu, euskaldun gehienak bertan bizi diren arren". 

Edozein hizkuntzak behar duen tratu "normalizatu eta demokratizatutik" urrun dago sindikatuaren ustez Maria Txibiteren gobernuak euskarari ematen diona. Nafar askoren hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituela salatu du: "D ereduko ikasleak euskaraz ikasten jarraitzeko eskubiderik gabe uzten ditu".

Lehenengoz datorren ikasturtean ingelesez irakasten diren arloak dituzten zikloak ezarriko dituzte. "Honekin Estatu mailan eta Nafarroan bertan hain eztabaidatuak diren PAI bezalako programei jarraipena eman nahi dio Gimeno kontseilariak", azaldu du sindikatuak. Goi Mailako hamar ziklo berrietatik zaizpi izango dira gaztelaniaz eta ingelesez, %70a. "Jakina da programa hauek kaltegarriak direla ikasleentzat; izan ere, atzerriko hizkuntza ikas daiteke ere, munduko gainerako herrialdeetan bezala, ingelesez ematen diren ikasgaietan gaitasun gutxiago eskuratu gabe eta zailtasun gehien dituzten ikasleak bereizi gabe", azaldu dute ohar bidez.

Bi eskakizun egin dizkio ELAk Nafarroako Gobernuari: bertako hizkuntza den euskara normalizatzeko eta nafarren hizkuntza eskubideak bermatzeko D eredua bultza dezala Lanbide Heziketan ere eta PAI bezalako programak eta hezkuntza modalitateak bertan behera utzi ditzala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!