Zahar egoitzen sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi dira ELA, UGT, LAB eta CCOO

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 13a, 13:27

Sindikatuek Nafarroako Gobernuari eskatu diote erantzukizuna bere gain har dezala, hein handi batean, diru publikoarekin sostengatutako sektore bat den neurrian. Sinadurak biltzeko kanpaina bat abiatu dute sindikatuek, eta maiatzaren 25ean elkarretaratze bat egingo dute.

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena negoziatzeari ekingo diote. Maiatzaren 18an sektoreko mahaiaren osaketa egingo da, patronalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. 

Hitzarmen kolektibo honek 4.500 langile baino gehiagori eragingo die, Nafarroan zehar 70 zentro baino gehiagotan banatuta dauden langileak, erresidentzia, adinekoentzako eguneko zentro, telelaguntza eta etxeko arretaren artean. Oso feminizatuta dagoen sektorea da, %90etik gora dira emakumeak.

Gaur egun, Mendekotasunari Arreta Eskaintzeko Estatuko VII. Hitzarmenaren menpe daude langile hauek, euren hitzarmen edo itun propioak dituzten zentruak izan ezik. Honek lan-baldintzen aniztasun handia egotea dakar, sindikatuek azaldu dutenez eta Nafarroan baldintza horiek homogeneizatuko dituen erreferentziazko hitzarmenik ez dagoenez, sektorea "deserregularizatua" dagoela salatu dute. 

"Honen ondorioz, ezinezkoa da kalitatezko zerbitzua ematea, eta prekarioak diren lan-baldintzak edukitzera kondenatzen ditu langileak", azaldu dute. ELA, UGT, LAB eta CCOOk Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen Sektoreko Hitzarmen Kolektibo Sektorial eta probintziala negoziatzen hasteko eskatu diete patronalari eta Nafarroako Gobernuari, "sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzeko eta hirugarren adinekoei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea bermatzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!