Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Nafarroako Gobernuak Skolae auzian aurkezturiko helegitea

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 13a, 10:22

Epaileek ez dute onartu Foru Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari jarritako helegitea, iazko ekainean programa bertan behera utzi baitzuen, hainbat familia katolikok salaketa jarri ostean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Skolae egitasmoa baliogabetu zuen, forma akats bategatik: erregelamendu gisa izapidetu behar zela esan zuten, eta ez administrazio-egintza baten bidez, programa hori curriculumean zeharkako gai gisa sartu baitzen.

Duela urtebete, Carlos Gimenoren Hezkuntza Departamentuak ebazpen horren aurkako kasazio helegitea aurkeztu zuen, egitasmoa bertan behera utz ez zezaten, forma akatsa konponduko zutela esanez.

Orain, Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren aretoko epaileek helegite hori atzera bota dute, kasazioaren ikuspegitik eraginkortasunik ez duelakoan.

Ebazpena atzo ezagutu zen, eta atzo bertan Nafarroako Gobernuak iragarri zuen Skolae egitasmoari oinarri legala egiteko foru dekretua karrikaratuko duela.

Foru Exekutiboak uste du hezkidetzan aitzindaria den programa honek bere etorkizuna bermatuta duela erkidegoko ikasgeletan, nahiz eta Auzitegi Gorenak kontrakoa jaso duen.
 
Skolae, aitzindaria eta aitortua

Gaur egun, Nafarroako 200 ikastetxe publiko eta itunpeko baino gehiagok ematen dute hezkidetza programa beren geletan, eta 4.000 irakasle inguruk parte hartu dute programa emateko prestakuntzan. Programa aitzindaria da Espainiako Estatuan, eta UNESCOk aintzatetsi egin du.
 
Haren helburua da ikasleen hezkuntza afektibo-sexuala hainbat arlotatik jorratzea, funtsezko hainbat helbururekin: sexualitatea bizitzaren funtsezko dimentsio gisa ulertzea; afektuak sexualitatearen zeharkako ardatz gisa txertatzea; sexu, genero eta familia aniztasunari arreta egitea; gorputza askatasunerako eta edertasun kanonik gabeko espazio gisa ulertzea; eta errespetuz bizitzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!