Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza berritu dute, "aniztasunaren kudeaketa demokratikoa aztertzeko"

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 12a, 16:01
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak  eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute gaur goizean.

Euskararen kudeaketak eta identitate nazionalek Nafarroako bizikidetzan distortsioak zergatik sortzen dituzten aztertuko da 2021ean.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak bi erakundeen arteko 2021erako lankidetza-hitzarmenaren berritzea sinatu dute. Hitzarmen horrek 55.000 euroko zuzkidura du, eta Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza proiektuaren hirugarren faseari argi berdea ematen dio.

2019an hasi zen lan-programa hau, parte hartzeko, eztabaidatzeko eta espezialistei, gizarte-eragileei eta herritarrei irekia, eta bi ardatz ditu: aniztasunean oinarritutako bizikidetza eta haren kudeaketa demokratikoa, gutxieneko premisa adostuak bilatuz.

Aurreko faseetan lortutako emaitzetatik abiatuta, euskararen kudeaketak eta identitate nazionalek Nafarroako bizikidetzan distortsioak zergatik sortzen dituzten aztertuko da 2021ean, eta nola konpon daitezkeen demokratikoki, bai gizartetik, bai erakundeetatik.

Lan hori egiteko, adinari, generoari, esparru akademiko eta profesionalei eta ideologiari dagokienez profil askotariko adituen iritzia bilduko da, eta haiekin aztertuko dira jarraitutako lan-prozesua, haren gako nagusiak eta funtsezko beste edozein alderdi.

Era berean, hausnarketa-jardunaldi batzuk antolatuko dira gizarte demokratiko batek bere desadostasunak eta gatazkak bideratzeko behar dituen tresnei buruz. Ondorioak txosten batean jasoko dira.

Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea, bi erakundeetako ordezkariek osatua, urtean bitan bilduko da gutxienez.

Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana

Hitzarmen horren bidez, Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak elkarren arteko lankidetzarekin jarraitzen dute, eta duela hiru urte ekin zioten berriro. Horri esker, azken erakunde horrek Nafarroako kulturarekin eta gizartearekin zerikusia duten gaiak aztertzen eta zabaltzen jarraitu ahal izango du, gizarte-eredu hobe baterantz aurrera egiteko.

Nafarroako Foru Aldundia Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen 1918an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiekin batera, erkidego horietan kulturaren adierazpen guztiak aztertu eta zabaltzeko.

Ordutik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etengabea izan da 2011ra arte. 2016an, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenari berrekin zitzaion.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!