Migratzaileak Hartzeko Planak eta Bizikidetzarako Estrategiak ia 3.000 ekarpen jaso dituzte

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 5a, 10:56

Eduardo Santos kontseilaria, gaurko agerraldian.

Nafarroako Gobernuaren Migratzaileak Hartzeko Plana eta Kulturarteko Bizikidetzarako Estrategia prestatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Dokumentuak egiteko ardura duten taldeek parte-hartze prozesu baten bidez prestatzen ari diren diagnostikoen aurrerapenak aurkeztu dituzte.

Alde batetik, Andaluzia Acoge taldeak egindako Harrera Planaren diagnostikoaren aurrerapenak nabarmentzen du Nafarroak ahalegin handia egin duela migratzaileei harrera egiteko, administrazioek, erakunde publiko eta pribatuek eta norbanakoek egin dutela. Baina, hain zuzen, horiek adierazi dutela hobetzen jarraitu beharra dagoela, foru erkidegoan bizi diren pertsonen benetako gizarteratze batera iristeko; harrera egitea, oinarrizko beharrizanak asetzea baino zerbait gehiago baita.

Prozesuan lan egin duen Aida Del Vallek gomendatu du prozedurak berrikustea harrera baldintza egokiak sortzeko, administrazioen eta gizarte erakundeen arteko lankidetza indartza, eta lankidetzako espazio bateratu eta koordinatuak sortzea.

Bestalde, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak egindako kulturarteko bizikidetza estrategiari dagokionez, diagnostikoan atzeman dute elkarbizitza baketsua dela nagusi Foru Erkidegoan; hori abiapuntu ona dela, baina kulturalki desberdindutako talde eta subjektuen arteko elkarreragina ahula dela. Era berean, alde negatiboan, ikusi dute bazterketa diskurtsoak zabaltzen ari direla, beste toki askotan bezala.

Egoera horretan, ikerketa egin duen entitateko Carlos Gimenezek, positibotzat jo du Nafarroak gaia agenda publikoan izatea, eta gizarte erakunde asko lan horretan aritzea; baina erakundeei gomendatu die dibertsitatearen ikuspegia zabaltzen eta zeharkakotasunez lantzen jarraitzea.

Diagnostikoa egiteko prozesuan 250 pertsonak eta 100 erakundek parte hartu dute; eta ia 3.000 ekarpen bildu dituzte. Parte-hartze hori eskertu nahi izan du Migrazio Politiken eta Justiziaren sailburu Eduardo Santosek, diagnostiko-aurrerapen horiek aurkezteaz arduratu denak.

Aurrerapenak parte-hartzaileei itzuliko dizkiete orain, balioztatzeko eta zabaltzeko, plana zein estrategia "dokumentu biziak" baitira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!