Nafarroako eraikuntza arloko enpresak biltzen dituen Anecop elkarteak Aroztegian egon ziren langileek jaso dituzten "jazarpena eta mehatxuak" salatu ditu, eta makinek erasoak, margoketak eta gurpil zulaketak pairatu dituztela gaineratu du. Enpresek lan egiteko dute eskubidea aldarrikatu eta Tex enpresak diru galerak izan dituela adierazi du.
Kanpaldia bertan behera
Apirilaren 16an abiatu zuten Lekarozen eraiki nahi duten Aroztegiko hirigintza proiektuaren aurkako kanpaldia. Hamaika egunez, erresistentzia egiten aritu dira, eta hainbat egunez lanak gelditu ondoren, Tex enpresak makineria guztia erretiratzea lortu zuten iragan ostiralean. Horregatik, hain zuzen ere, kanpaldiaren helburua beteta, protesta ekinbide hori amaitutzat ematea erabaki dute, baina ohartarazpen bat eginda: “Borroka ez da amaitu”. Maiatzaren 15ean manifestazioa egingo dute Elizondon.
“Ez gara zozoak badakigu proiektu honen bulkatzaileak ez direla horretan geldituko, baina jakin behar dute gu ere prest gaudela behar den guztietan itzultzeko”, adierazi dute, eta nabarmendu dute berriz ere itzultzeko eta lanak geldiarazteko prest direla.
Nafarroako Gobernuari eskaera
Aroztegiok proiektuak hotel bat, golf zelai bat eta luxuzko 200 etxebizitza baino gehaigo eraikitzea aurreikusten du, 350 biztanle inguru dituen herri batean. Horrek ekarriko duen turismo eta gizarte ereduak bailaran dauden arazoak ugarituko dituela salatu dute hasireatik Aroztegairen aurkako mugimenduko kideek: etxebizitzaren arazoa areagotuko duela, euskarari kalte egingo diola, turismoari lotutako enplegua sortzeak prekarietatea hareagotuko duela, bailararen kultur eta bizitza eredua aldatuko duela…
Salatu dute, gainera, Nafarroako Gobernuak eta hura babesten duten alderdi politiok guztiek erantzukizun zuzena dutela proiektuan: “Inposizio hau ez delako posible eroskerian eta ustelkerian oinarritutako sistema bat onartzen duten eta horren parte diren ordezkari politikorik gabe”. Horregatik, gobernuari zein hura babesten duten guztiei eskatu diote udalez gaindiko eragina duen plan hau “bertan behera” uztea lehentasun bihur dezaten. “Hortik aparte egiten diren eskaera guztiak itxurakeria eta zurikeria bertzerik ez dira”.