Irakasleen oposizioetan ingelesa eskatzea enplegu publikoa finkatzearen aurkako neurria dela salatu dute sindikatuek

Euskalerria Irratia 2021ko api. 28a, 13:42

Bihar Estatuko Hezkuntzako Mahai Sektoriala egingo dute, eta ELA, LAB, Steilas eta UGT sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernuak han proposatuko duela atzerriko hizkuntzen ezagutza duten plazak sortzea, C1 maila eskatuko dutenak; eta beraz, irakasle asko ezingo direla aurkeztu.

Maisu-maistra orokorren eta bigarren hezkuntzako arloetako irakasleen oposizioetan eskatu nahi dute plaza horiek sortzea, batik bat ingelesezkoak, baina baita frantsesezkoak eta alemanezkoak ere. Hori onartuz gero, C1 maila ez dutenak ezingo lirateke aurkeztu.

Sindikatuek azaldu dutenez, gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle askok dihardute PAI programan, B2 tituluarekin; baina ezin dute zehaztu zenbat, Hezkuntza Departamentuak ez dielako datua eman; baina horiek denek ezingo dira aurkeztu, gobernuaren proposamena betez gero.

Informazio falta salatu dute, eta mahai sektorialean eztabaidatzeko eskatu dute.

Carlos Gimenok 2017an bultzatutako foru lege baten ondorioz, atzerriko hizkuntza duten lanpostuetarako, oposizio aldiko proba guztiak hizkuntza horretan egin behar dira; beraz, oposizioetarako bertako eta atzerriko hizkuntzak bereizten badituzte, ingeles, frantses edo aleman hutsezko kontratazio zerrendak sortu beharko lituzkete.

Estatuko araudia aldatuz gero, urtea bukatu baino lehen deitzekoak diren oposizioetan aplikatuko litzateke hori; eta, sindikatuek zehaztu dutenez, oso litekeena da, lanpostu gehienak ingelesezko eskakizunarekin ateratzea. Bada, lanpostu horiek dira batez ere bete gabe daudenak ikastetxeetako plantilla organikoetan; eta hortaz, salatu dute horrek are zailago bihurtuko duela enplegu publikoa sendotzea.

Honek guztiak ikasleengan eragina izango lukeela salatu dute, eta hizkuntzen trataera integratua bermatzen duen ikas eredua eskatu dute; bertako eta atzerriko hizkuntzen ezagutza egokia bermatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!