Burujabetzaren aldeko mugimendu berri bat sortu dute: Nafarroa Berriz Altxa

Euskalerria Irratia 2021ko api. 26a, 10:01
Larunbateko aurkezpena. (@altxanafarroa)

"Erabakiak bertan hartzeko beharra" nabarmendu dute, 1521eko herri altxamenduen eta Noaingo eta Amaiurko (Nafarroa) guduen 500. urtemuga baliatuta.

Nafarroako hainbat kide bildu ziren larunbatean Iruñeko Ziudadelan, Nafarroa Berriz Altxa ekinbidea aurkezteko. 1521eko herri altxamenduen eta Noaingo eta Amaiurko (Nafarroa) guduen 500. urtemuga baliatuta, aldarrikatu zuten Nafarroak “burujabetza berreskuratzeko beharra” duela, “erabakiak bertan hartu ahal izateko”. Ekainaren 19an manifestazioa egingo dute, Iruñean.

Egitasmoaren bultzatzaileek manifestu bat adostu dute, eta hainbat arlotan aritzen diren 73 pertsonak sinatu dute. Horien artean daude feminismoan, euskalgintzan, lan eremuan, ekologismoan, pentsiodunen mugimenduan eta ikasle mugimenduan jarduten dutenak, bai eta intsumiso izandakoak eta errepresioa pairatutakoak ere. Honakoak dira sinatzaileetako batzuk: Begoña Zabala, Julen Ran, Floren Aoiz, Joxe Lacalle, Patxi Zamora, Mikel Soto, Sagrario Aleman, Beñat Hach, Saul Arangibel, Petti, Lur Albizu, Itxaso Torregrosa, Xabier Terreros...

Nafarren izaera “errebeldea” nabarmendu zuten Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek: “Konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menderatu “. Ideia horri helduta iraganean nafarrek eraso eta injustizien aurka bultzatutako zenbait mugimendu aipatu zituzten, hala nola Espainiako trantsizio garaiko langile borrokak, abortuaren aldeko mugimendua, NATOren aurkakoa edota Altsasuko gazteen aldekoa.

Horri lotuta, Nafarroaren burujabetzaren alde mobilizatzeko unea dela esan zuten, osasun krisiak erabakiak bertan hartzeko premia agerian utzi baitu: “Ez dugu eskumenik gure arazoak hemen kudeatzeko, eta Madrilgo aginte bakarraren menpe bizi gara. Horren ordez, eguneroko bizitzan eragiten duen orori buruz libreki erabaki nahi dugu: hezkuntza, osasuna, lan harremanak, euskara, pentsioak, fiskalitatea, etxebizitza, berdintasuna, estatus juridikoa eta gainerako euskal lurraldeekiko harremana”.

Manifestazioa

Aldarrikapen horiek zabaltzeko, maiatz hasieran Rotten XIIIk sortu duen kantu bat aurkeztuko dute; maiatzaren 22an aurkezpenak egingo dituzte herriz herri eta auzoz auzo; eta, azkenik, ekainaren 19an manifestazioa egingo dute Iruñean, Nafarroa berriz altxa, burujabetza askatasuna da lelopean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!