Iaz sinatutako kontratuen %46k egun bat edo gutxiago iraun zutela salatu du UGTk

Euskalerria Irratia 2021ko api. 20a, 08:29
UGT eta CCOO sindikatuen egoitza.

Azken urtean langabezia, prekarietatea eta behin-behinekotasuna modu kezkagarrian hazi egin direla salatu du UGT sindikatuak. Lan erreforma ezarri zutenetik balantzea eginez, hura porrota izan dela ondorioztatu du.

2020an, lan erreformaren eta pandemiaren baturak 9.300 enpleguren galera, 7.700 langabetu gehiago eta lan baldintzen prekarizazioa ekarri zuen; eta atzera eginez, 2013tik, lan erreforma ezarri zenetik, sortu diren enpleguen %74 aldi baterakoak izan dira. Horixe salatu du UGTk.

Datu horiei begiratuta, urtearen balantzea "samingarria" da, eta bederatzi urteotakoa, "negargarria", Marisol Vicente politika sindikaleko idazkariaren hitzetan.

UGTren arabera, Mariano Rajoyren gobernuak ezarritako lan erreformaren ondorio nagusiak dira, ez dituela behin-behinekotasuna eta kontratazioen errotazioa zuzendu ,iaz sinatutako kontratuen %46k egun bat edo gutxiago iraun baitzuten; behin-behinekotasuna egiturazkoa bihurtu da, iaz %14,2ra iritsi baitzen; langabeziak emakumeak eta gazteak jo ditu gogorren, eta 25 urteko langabeziaren %60 hazi da urtebetean; eta epe luzeko langabezia kroniko bihurtu da. Ondorioz, UGTrentzat, lan erreforma, "porrota" izan da.

Europako funtsei buruz erabakitzea

Egungo krisitik ateratzeko hartuko diren neurriei dagokienez, Europako funtsetarako proiektuei lotutako erabakiak hartzeko organoetan parte hartzeko eskatu diote Foru Gobernuari, ez baitaude pozik egungo funtzionamenduarekin.

Enplegu Planari lotuta, ekainaren erdialderako azken dokumentu bat izateko konpromisoa hartu zutela gogorarazi dute, eta "epe horietara iristeko ahalegin guztia" egiten ari direla ziurtatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!