Aroztegiko kanpalekuak "tinko" jarraitzen du, bosgarren egunean

Euskalerria Irratia 2021ko api. 20a, 12:20
Guardia zibilak, Aroztegiaren aurkako kanpaldiaren inguruan, asteburuan. (Ekinklik Argazkiak)

Aroztegiko proiektuaren aurkako kanpaldi mugagabeak bosgarren eguna du gaurkoa, eta beste behin ere, goizean goiz makinak  geldiaraztea lortu dute.

Ekintza sinboliko bat izango zela irudi zezakeen arren, Aroztegiaren aurkako kanpalekuko kideek "tinko" jarraitzen dute, eta egunero ari dira lanak geldiarazten. Proiektua bertan behera gelditu arte, hor jarraituko dutela nabarmendu dute parte hartzaileek.

Arozta herri ekimenak antolatutako kanpaldiaren helburua Aroztegia bertan behera uztea da; Lekaroz herrian 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat egiteko proiektua.

"Bosgarren egunez, Aroztegiko lurretan erresititzen gaude. Gaur, atzo bezala, makinak lanak egiten ez hastea lortu dugu. Tinko jarraitzen dugu, eta gure intentzioa da hemen segitzea", adierazi du Arozta mugimenduko Aintzane Ariztegik.

Salatu dutenez, guardia zibilak eremura joaten ari dira egunero, isunak jarriko dizkietela mehatxatuz, baina oraingoz ez dute kanpaldia hustu. "Kanpaldiaren inguruan bueltaka dabiltza behin eta berriz, baina, momentuz, seguru gaude", zehaztu du Ariztegik. Arrisku uneetan babeserako deia egin dutenean, gainera, babes handia jaso dutela diote. 

Aroztegia inguruan dauden bitartean ikusten ari diren "sarraskiak" salatu dituzte Arozta herri ekimeneko kideek: "Ehunka urteko haritzak botatzen ari dira, hondeamakinekin erreka gurutzatzen eta suntsitzen ari dira, edota zuhaitzak mozten eta hor uzten".

Horrek sortzen dien "amorruak", ordea, jarraitzeko indarra ematen diela ziurtatu dute, eta hor jarraituko dutela, proiektua eraikitzen ari dutenek erresistentzia mugimenduarekin topo egin dezaten egunero, aurrez aurre.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!