Animalien ustiategi erraldoiak babesteari uzteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2021ko api. 19a, 10:07

Larunbateko elkarretaratzearen irudi bat. (@Ekinklik)

Nekazal Borrokaren Nazioarteko Eguna izan da asteburuan, eta Nafarroako Elikadura Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzea egin du Iruñean, Caparrosoko behitegi erraldoiaren aurka, eta trantsizio agroekologikoa sustatzeko politiken alde.

Gogoz kontra, baina berriki, Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Caparrosoko behitegiari animalia kopurua bikoizteko, 3.450 behitatik 7.200era, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak iaz ustiategien tamaina mugatzeko dekretua baliogabetu ondoren.

Erabaki hori salatzeko, Nafarroako Elikadura Nurujabetzaren Aldeko Mugimenduak abeltzaintza proiektu erraldoien aurka protesta egin zuen, larunbatean.

Asko dira abeltegi handien ondorio kaltegarriak, salatzen dutenez: energia eta ur kopuru handiak kontsumitzen dituzte, eta hondakinak tonaka isurtzen dituzte; lurzorua eta ura kutsatuz; inbertsio handiak behar dituzte eta ekoizle handiek bakarrik egin ditzakete; guztiz mekanizaturik daudenez, oso enplegu gutxi eta prekarioa sortzen dute; lurrak bereganatzea eragiten dute, nekazariak beren lurretatik botata; eta animaliak pilatzearen ondorioz, osasun publikorako arrisku larriak sortzen dituzte, besteak beste.

Hortaz, premiazkoa ikusten dute nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialari laguntzeari uztea, eta horretara dei egin diote, bai Nafarroako Gobernuari, baita kontsumitzaileei ere. Era berean, Eroski supermerkatuari exijitu diote utz diezaiola Caparrosoko behitegiko esnea saltzeari.

Trantsizio agroekologikoa sustatzeko politika publikoak behar direla diote, eskala txikiko nekazaritza sistema baterantz egiteko; hori lortzeko, baina, ezinbestekoa da gizartearen bultzada, eta horregatik atera dira kalera, elikadura subiranotasunaren eta bizitza erdigunean jarriko duen etorkizun baten alde.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!