Sabino Cuadra taldeko bozeramaileak gogorarazi duenez, foru parlamentuak 2017an egin zuen eskaera, baina ez zioten jaramonik egin; hortaz, berriz egiteko eskatu dio parlamentuari. Horrekin batera, German Rodriguezen familiak, Sanfermines 78 Gogoan kolektiboak, Peñen Federazioak eta zaurituek Iruñeko epaitegietan aurkeztutako kereila babestea nahi dute.
Instrukzio Epaitegiak atzera bota zuen kereila hori, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarrita dago. "Ebazpenaren zain gaude", azaldu du Sabino Cuadrak.
Lan saioan Fermin Rodriguez Germanen anaiak ere parte hartu du, eta adierazi du kasu honen inguruan "oztopo argiak eta gertaerak ikertzeko borondate politikorik eza" topatzen ari direla, eta Estatuaren aldetik, ahalegin handia, ez dadin egia ezagutu, eta egun tragiko horietako erasotzaileen eta arduradun politikoen inpunitatea eta anonimotasuna bermatzeko.
Rodriguezek nabarmendu du egun ez dela existitzen Hitlerrek eta Mussolinik sinatutako legerik Alemanian eta Italian, eta aldiz, Espainiako Estatuan, gutxienez, Franco diktadoreak sinatutako lege bat dago indarrean, preseski, Sekretu Ofizialen Legea, Gobernuari "ia erabateko boterea" ematen diona dokumentazioa sailkatzeko edo desklasifikatzeko orduan. "Lege hau Estatuaren krimenen zigorgabetasunaren babesleku da", adierazi du.
Aitorpen publikoa
Kolektiboak beste eskaera bat egin dio Foru Parlamentuari: Espainiako Gobernuari eska diezaiola irailean onartu zuen Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektuan frankismoaren krimenak "gizateriaren aurkako krimentzat" har ditzala.