Euskara ikasteko abestiak bildu dituzte Hezkuntza Departamentuaren webgune batean

Euskalerria Irratia 2021ko api. 14a, 08:18

Abestiak hizkuntzak ikasteko baliabide egokiak direla ikusita, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara atalak D eta A hizkuntza ereduetako nahiz euskaltegietako irakasleentzat erabilgarri izan daitezkeen abestiak bildu ditu. 

 

Euskara irakasleei Interneten eskuragarri dauden abestiak erabiltzen lagunduko dien tresna sortu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Osotara, 350 kantatik gora bildu eta sailkatu ditu EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak gune horretan.

EIBZko kideek azaldu dutenez, abestiak hizkuntzak ikasteko baliabide "bikainak" dira: ikasleen arreta bereganatzeko, motibazioa pizteko, eredu egokiak eskaintzeko, ahoskera lantzeko eta hitzak memorian gordetzen laguntzeko balio dute, eta gozamenari uko egin gabe. “Jakina da, gainera, musika dela gazteek euskal kulturarekin duten lotura indartsuena eta, batzuetan, bakarra. Horregatik, kultur transmisioa eta ikasleen motibazioa areagotzeko tresna paregabea dugu musika”, gaineratu dute.

Horretaz jabeturik, Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak D eta A hizkuntza ereduetako nahiz euskaltegietako irakasleentzat erabilgarri izan daitezkeen abestiak bildu ditu.

Haur eta Lehen Hezkuntzako abestiak gaika sailkatuta daude, irakasleen bilaketak errazteko asmoz. Horrela, irakasleek ikasgelan landu ohi dituzten gai eta jarduerak laguntzeko abestiak topatuko dituzte: zenbakiak eta letrak, animaliak, urtebetetzeak, emozioak, gaixotasunak, janariak, kirolak, zaletasunak, jaiak, zotz egiteko abestiak, eta abar. 

Bigarren Hezkuntzako eta helduentzako abestiak, berriz, lantzen diren hizkuntz egituren edota hiztegiaren arabera sailkatuta daude, hizkuntza egitura jakin bat lantzeko unean, kanta bat egitura hori barneratzeko edo automatizatzeko modu ezin egokiagoa izaten ahal delako.

Kantak banaka ikus daitezke EIBZren webgunean, ikuspegi orokorra izan nahi izanez gero, dokumentu honetan guztiak ageri dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!