EMUN aholkulari taldea ia mende laurdena euskara eta berrikuntza sozialean

Euskalerria Irratia 2021ko api. 12a, 10:00

EMUN kooperatibak ia mende laurdeneko ibilbidea egin du euskara eta berrikuntza soziala ardatz hartzen dituzten gai sozialen inguruko aholkularitza zerbitzuak eskaintzen. EMUNen izaera eta egiteko moduak bezeroei eta gizarteari gerturatzeko asmoz bideo korporatibo berria egin dute.

Lan mundua euskalduntzeko kooperatiba gisa jaio zen EMUN 1997an eta erronka horri helduta hasi ziren enpresa eta erakundeetan euskararen erabilera eta presentzia normalizatzeko planak eskaintzen. Testuinguru horretan hasi ziren euskara planen diseinuan eta garapenean, baina baita euskararen formakuntzan, itzulpengintzan eta hizkuntza portaeren eraldaketarako metodologiak sortzen ere. Ibilbide oparoa, beraz; horren isla dira euskara plana indarrean duten enpresen esperientzia eta Emunen bezero diren 81 enpresa eta erakundek eskuratu duten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria ere. Horien artean daude, besteak beste, hainbat kooperatiba talde (FagorULMADanobat Taldea eta Erreka, esaterako) hezkuntza arloko erakunde, finantza entitate, udal eta administrazio publikoetako sozietate publiko ere: Mondragon korporazioaIrizarEHULaboral KutxaGasteizko UdalaEITB, baita Reala eta Eibar futbol taldeak ere.

 

Erronkei berriei egokitzen

Munduak eta euskal gizarteak bizi duen etengabeko bilakaerarekin batera, erronka eta aldaketa berriei egokitu eta berritzeko grina izan du urteotan EMUNek; erronka sozialei erantzun berriak eta berritzaileak proposatuaz, metodologia eta egiteko modu berriak probatuaz, inguruan gertatzen dena adi behatu eta entzuteko jarrera irekiarekin. Urte luzez enpresetan ondutako terrenoko ezagutza eta esperientzia metatuak eremu berrietan ere aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko aukera eman dio EMUNi eta euskararekin irekitako bideei berrikuntza sozialari lotutako lan lerroak gehitu zitzaizkien duela hamar urte.

Egungo gizarteak bizi dituen erronkak eta kezkak askotarikoak eta konplexuak dira, dela genero berdintasunarena edota inklusioarena, hezkuntza eta lan munduak bizi izango duen digitalizazio prozesua, krisi klimatikoa zein energia eredua… eta EMUNek erronka horien aurrean gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza zerbitzuak eskaintzen ditu, eraldaketa soziala helburu izanik, emunkidea eta bezeroa erdigunean jarrita eta gainerako eragileekin elkarlana sustatuta. Askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu ondoko arloetan: genero berdintasuna, gobernantza eta parte hartzea, berrikuntza plataformak, aniztasuna, enpresen gizarte erantzunkizuna, euskara planak, itzulpenak, euskara formazioa, hausnarketa saioak...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!