Iñaki Aldekoa diputatu eta preso ohia hil da

Euskalerria Irratia 2021ko api. 9a, 11:23
Iñaki Aldekoa politikaria.

Herri Batasunarekin Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan aritu zen, eta Aralar alderdiko buruzagitzako kidea izan zen gero.

Ibilbide politiko luzekoa izan da Iñaki Aldekoa. Ezkerreko subiranismoa izan zuen beti ipar. Herri Batasuneko sortzaile izan zen lehenik, eta Aralarren bidea hartu zuen ondoren.  Patxi Zabaleta izan du eredu politikagintzan, bai eta lagun estua ere.

Honela gogoratu du Zabaletak Euskalerria Irratian: “Hainbeste ekimen eta saiotan elkarrekin ibiliak gara elkarrekin, eta gogoratzen dut orain batez ere lagun bezala, nahiz eta garrantzizko politikaria izandu zen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Ibilbide luzea izan du Euskal Herrian, bai Herri Batasunaren sorkuntzan nola Aralarren sorkuntzan, bakoitza bere garaian, eta hurbiletik gogoratzen dut, ezin dut hurbiltasun hori burutik kendu, hartaz hizketan”.

Aldekoa Zornotzan (Bizkaia) sortu zen. Ingeniari kimikoa zen ikasketaz, eta bide politikoa klandestinitatean hasi zuen, EGIn. Horregatik, urtebete izan zen preso. ETA Berrin ere aritu zen, baina denbora tarte labur batez. 77an, Euskal Sozialista Biltzarreko idazkari nagusi aukeratu zuten, eta alderdi horren barruan hartu zuen parte Herri Batasunaren sorreran, 1978an.

Mahai Nazionaleko kide izan zen 1990eko hamarkadaren hasierara arte.  Orduan, ordezkaritza instituzionalean ere aritu zen: Nafarroako parlamentari izan zen legealditan, eta Espainiako Kongresuan HBko lehen diputatua izan zen.  

Kargua hartu eta lehen ekitaldian, HBko hainbat kide, tartean Aldekoa, Madrilgo Alcala Hotelean parlamentuko lana prestatzen zihardutela, armaturiko bi pertsonek haietako bati, Josu Muguruzari, tiro egin zioten, eta hil egin zen. Aldekoak ez zuen zaurik jaso.

Garai horietan kartzelatik ere igaro zen. 83an sartu zuten preso, ETAri laguntzea egotzita, eta hiru urtez egon zen espetxean.

Aljerreko elkarrizketetan ere parte hartu zuen. Baina gero eta kritikoago ageri zen estrategia politiko-militarrarekin, eta Herri Batasunatik zein ezker abertzaletik aldenduz joan zen.

2001etik aurrera Aralarreko Batzorde Exekutiboko kide izan zen. Alderdi horretako kide zela Arabako batzarkide aukeratu zuten, 2007an.

2011n, ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri ondoren, ezker abertzaleko bi ildoak bat eginda aurkeztu ziren Espainiako hauteskundeetara, Amaiur koaliziopean, eta Aldekoa bat egite horren aldekoa zen.

Gaixo zebilen aspaldi, baina bere heriotzak ezustean hartu ditu gehienak. Jaioterrian igaro ditu azken urteak, Bizkaian.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!