2019an, Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Foru Gobernuak abian jarri zuten programa bat herritarrei, gizarte-eragileei eta pertsona adituei irekita parte hartzeko eta eztabaidatzeko. Bi ardatzen inguruan egituratuta zegoen: Nafarroaren ezaugarria den aniztasunean oinarritutako bizikidetza, eta haren kudeaketa demokratikoa, gutxieneko premisa adostuak bilatuz.
Proiektuaren lehen fasea osatu zuten herritarren mahaiek agerian utzi zituzten, Nafarroako herritarren iritziz, eremu politikoan gizartekrispazioa eta gehiegizko polarizazioa eragiten dituzten gai nagusiak. Gai gatazkatsu horien artean, arreta berezia jarri zen hizkuntzaren eta identitatearen arteko liskarrei, agerikoak izanda ere, gutxitan jorratzen direlakoaren ustez. Horren ondorioz, euskararen eta identitate nazionalen inguruko posizionamenduetan zentratu zen ikerketaren bigarren fasea.
2020an, hiru partaidetza-gune handitan lan egin zen: Adituen Taldea, Gizarte Eragileen Mahaia eta Herritarren Mahaia. Horietan guztietan, profil soziologiko, ideologiko eta belaunaldiz belaunaldiko askotariko pertsonen inplikazioa jaso da. Lortutako emaitzekin, Eusko Ikaskuntzak Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: bizikidetza txostena egin du, eta bertan prozesuaren deskribapena eta lortutako ondorioak jasotzen dira. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, polarizazio handia dagoela Administrazioak euskararen tratamenduari irtenbideak emateko orduan, eta belaunaldi berriek jarrera irekiagoa dutela identitate-arazoaren, hizkuntzaren eta kultura-aniztasunaren aurrean.
Nafarroako Gobernuari aurkeztu berri den txostenak 2021ean programak jarraituko dituen helburuak eta metodologia zehazten ditu. Nafarroako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa proiektua Nafarroako Gobernuaren Bizikidetzarako I. Plan Estrategikoan sartzea aurreikusten da. Plan hori Bizikidetzaren, Bakearen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatu du, eta Nafarroako bizikidetzaren egoerari buruzko azterketarako, analisirako eta eztabaidarako hainbat gune sortzea du helburu.