Europako funtsak kritikatu dituzte sindikatu abertzaleek

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 25a, 15:07

Europako funtsetatik etorriko diren diru laguntzen gibelean, xantaiak eta murrizketak ezkuta daitezkeela salatu du LAB sindikatuak. Lan eta negoziazio kolektiboko erreformak indargabetzea eskatzeko manifestazioa egin du, berriz, ELA sindikatuak. Funtsek azken urteotan eman diren atzerapausoak areagotu ditzazketela adierazi du Peio Eregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak.

LAB sindikaruak kezkatuta so egiten die, Europatik iritsiko diren diru laguntzen atzean izan daitezkeen baldintza eta inposaketei. Koronabirusaren izurriteak eragindako krisialdiari aurre egiteko diru funtsa bezala aurkeztu dituzten arren, "sakoneko aldaketak inposatzeko" asmoa dutela uste du sindikatuak. Pentsioak, lan erreformak eta fiskalitatea bera egon daitezke kolokan. 

LAB sindikatuak agerian utzi duenez, Maria Txibiteren gobernuak bertako proiektuak bultzatu nahi arren eta bertan erabakitako lehentasunak markatu direla behin eta berriz errepikatu arren, azken hitza, Madrilgo Gobernuak daukala.

Next Generation funtsen atzean, europa berde bat eraikitzeko asmoa omen du europar batasunak baina LAB sindikatuak salatu duenez, "kapitalismo berdea" soilik dago horren atzean. Bestelako eredu bat beharrezkoa dela azpimarratu du Igor Arroyok, LAB sindikatuko idazkari ondokoa. 

Datozen hilabeteotan gizartea, langileria aktibatu nahi du LAB sindikatuak, europatik etor daitezkeen aldaketak eta inposaketak  gelditzeko asmoz.

Lan eta negoziazio kolektiboko erreformak indargabetzeko CIG eta Intersindical sindikatuekin batera  gaur manifestazioa egin du ELA sindikatuak Iruñeko karriketatik, langileen eskubideen defentsan. Sindikatu honek ere europari begira, kezkaz begiratzen dio egoerari eta azken urteotan eman diren atzerapausoak areagotu daitezkeela uste dute. 

"Sarraskiari STOP; lan erreformak derogatu. No nos vendáis en Madrid" lelopean, enpresarien egoitzatik irten da martxa eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean bukatu da. Bertan alderdi politikoei, batez ere abertzaleei eta ezkerrekoei eskatu diete, ez dezaten lagundu, murrizketa eta atzerapausoak ekar ditzazketen politiketan eta behingoz indarrean den lan erreforma bertan behera utzi dadila. Antzeko mobilizazioak egin dira, aldi berean, Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako gainerako hiriburuetan, ELA, CIG eta Intersindical sindikatuek abian jarritako kanpaina bateratuaren barruan, Diputatuen Kongresuan (Madril) lan-erreformak eta negoziazio kolektiboa indargabetzea bultzatzeko.

Hiru sindikatuek kalera irtetea erabaki dute, lan-erregulazioko espedienteak eta pandemiaren ostean irits daitezkeen kaleratze kolektiboak saihesteko eta euren herrialdeetan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko. "Milaka pertsonaren enplegua eta bizi-baldintzak jokoan daude", esan du Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboaren eta lan-osasunaren arduradunak Iruñeko manifestazioaren ostean. Igeregik Madrilen duten eragina erabiltzeko eskatu die hemengo indar politikoei, 2010 eta 2012 artean Zapatero eta Rajoyren gobernuek onartutako lan erreformak eta negoziazio kolektiboak bertan behera uzteko. Igeregik azpimarratu duenez, "krisiaren ondorioz erreformak indargabetzeko unea ez dela esaten digute, hain zuzen ere horregatik indargabetu behar dira lege horiek, bestela sekulako sarraskia izango dugu enpleguan eta lan-baldintzetan".

Bestalde, Saioa Urriza eskualdeko arduradunak azpimarratu du pandemiak agerian utzi duela kalitatezko zerbitzu publikoak izatearen garrantzia, eta hauek indartzeko beharra. Horregatik austeritate-politikak aplikatzari utzi eta Administrazioko langileen lanpostuak defendatu behar direla esan du. Ildo horretan, beharrezkoa da kontsolidazio-prozesuak irekitzea, langile publikoen %40k enplegua kontsolidatzeko.

CIG (Galizia) eta Intersindical (Katalunia) sindikatuekin batera mobilizatzea arazo komun baten ondorio da: lan-erreforma batekin amaitzea, kaleratze kolektiboak egitea ahalbidetzen duena, ia arrazoirik eman gabe, eta gure hitzarmenak gure herrialdeetan negoziatzea eragozten diguna.

Hiru sindikatuek bat egin dute euren lurraldeetako indar subiranistei Madrilen langileen interesak defendatzeko eskatzeko. "Gure kasuan, gaur egun EH-Bilduren eta EAJren botoa behar da Kongresuan legeak aurrera aterako dituzten gehiengoak lortzeko. Horregatik, ez gaitzatela saldu eskatzen diegu: ez akordio hutsengatik, konpromiso zehatzik gabe; ez bide batzuk lurperatzeagatik, ez autobide baten 25 km-rengatik. EAJ eta eh Bilduri dei egiten diegu jendearen lan eta bizi baldintzak lehentasuntzat har ditzaten ".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!