N-121-A errepidea itxi dute, Belateko eta Almandozko tuneletarako “segurtasuna” eskatzeko

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 17a, 10:04
Belateko tunela. (erran.eus)

64 udal ordezkarik eta 33 suhiltzailek protesta egin zuten atzo, Nafarroako Gobernuari “premiazko neurriak” eskatzeko.

Hainbat udal ordezkarik eta Oronoz-Mugaireko suhiltzaileek N-121-A errepidea itxi zuten atzo arratsaldean, Belate parean, Nafarroako Gobernuari Belateko eta Almandozeko tuneletatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko "premiazko" neurriak har ditzala eskatzeko.

Errepideko arazoek eragindako udal eta kontzeju guztien ordezkari gisa parte hartu zuten Bera, Ultzama, Lesaka, Baztan, Bertizarana, Zubieta, Etxalar, Ezcabarte, Olaibar, Arraitz, Igantzi, Beintza-Labaien eta Berroetako alkateek eta Doneztebeko zinegotziek.

Protesta Belateko tunelaren iparraldeko ahoan egin zuten, minutu batez, Arrisku handia, segurtasuna orain zioen pankarta baten atzean.

Azaldu zutenez, gobernuak hamabost urte izan ditu tunel horiek egokitzeko, eta ez du egin beharrekoa egin. Oraindik ez dute Europak ezarritako segurtasunerako araudia betetzen, eta isunak jasotzeko arriskua du. Hala ere, isunetatik harago, gehiago itxaron gabe neurriak hartu behar dituztela azpimarratu zuten atzo.  "Tunelak erabiltzen ditugun erabiltzaileentzako segurtasun neurriak hartzea eskatzen dugu.  Baina egiten ez dutenez, kalera ateratzea beste aukerarik ez dugu, ezin baitugu gehiago itxaron egokitzeko lanak hasteko ".

Halaber, Nafarroan jatorria eta helmuga ez duen nazioarteko trafiko astuna desbideratzea eskatu zuten, argi baitute 2+1 sistemak -gobernua hasi da dagoeneko errepidea 2+1 bihurtzeko lanetan- ez duela arazoa konponduko: "Errepidea gainezka dago eta nazioarteko trafikoa murrizteko eskatzen dugu berriro".

Instantzia bat erregistratuko dute

Nafarroako Gobernuaren aurrean instantzia bat erregistratzeko asmoa dute. Instantzia horrek udaletako eta kontzejuetako 71 alkate biltzen ditu, eta Oronoz-Mugaireko 34 suhiltzaileen babesa du. Bertan, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Cirizari eskatuko diote azpiegitura horiek Europako Parlamentuaren 2004/54 Europako Zuzentarauak eskatzen duen segurtasun mailara behin betiko egokitzen ez diren bitartean, premiazko neurri osagarriak har daitezela, epe laburrean segurtasuna bermatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!