"Lan ezbeharrei aurre egiteko premiazko neurriak" eskatu dituzte hainbat sindikatuk

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 16a, 09:08
Sindikatuen atzoko elkarretaratzea, 'Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea' lelopean. (@LABnafarroa)

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek salatu dute pandemiak agerian utzi duela laneko segurtasunari eta osasunari esleitutako baliabide publikoak "ez direla nahikoak".

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak argitaratutako lan istripuen azken estatistika ofizialek erakusten dute 2020an %20,6ko jaitsiera orokorra izan dela istripuetan, aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek argi ikusten dute jarduera ekonomikoaren geldialdiaren ondorio dela, koronabirusaren osasun krisia dela eta.

"Koronabirusaren krisiaren ondorioz, 2020. urtea %11,65eko langabezia tasarekin itxi zen Nafarroan. Datu horiei gehitu behar zaizkie enplegu erregulazio espedientean egon diren 34.439 pertsonak. Hala eta guztiz ere, iaz 11 pertsona hil ziren lan istripuz, eta ez dakite zenbat pertsona hil ziren amiantoarekin lotutako patologiengatik edo Covid-19a bere lanpostuan hartu izanagatik ", salatu dute.

Estatistika ofizialen arabera, egunero 57 pertsonak izaten dute lan istripu bat Nafarroan, eta intzidentzia tasa 32,6koa da okupatutako mila pertsonako. "Datuak kezkagarriak izan arren, errealitatetik oso urrun daude; izan ere, sektore askotan, istripuak ez dira erregistratzen edo enpresek eurek ezkutatzen dituzte, zigor ekonomikoak eta bestelako erantzukizunak saihesteko", nabarmendu dute sindikatuek.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGTren ustez, lan istripuak eta gaixotasun profesionalak "neurri eraginkorrak" hartuz saihesten dira, baina patronalak "bere onura ekonomikoa segurtasunaren eta osasunaren aurretik jartzen" jarraitzen du.

Hori dela eta, egoera honetan, enpresetan esku-hartze publikoa areagotzea eta lantokietan osasun eta prebentzio neurriak zorrotz kontrolatzea "premiazkoa" dela aldarrikatu dute. Halaber, Nafarroako Gobernuak Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren eskumenak “berreskuratu" behar dituela defendatu dute.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak laneko segurtasun eta osasunerako bideratutako aurrekontu publikoa "barregarria" dela kritikatu dute. "Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileen lana aintzat hartzen dugu, baina azpimarratu behar dugu pandemiaren kudeaketak eragindako kolapsoa dela eta, 2020. urte osoan ez zela ezbehar kopuruari buruzko hileroko eta hiruhileko estatistikarik argitaratu, eta azken txostena urtarriletik irailera bitarteko behin-behineko datuekin egin dela", gaineratu dute.

Ohartarazi dutenez, ondorioz, langileria lan eta gizarte eskubideen murrizketa bat jasaten ari dela krisi egoera honetan; beste erasoaldi bat da. "Eta ez gaude prest gure bizitzekin eta gure osasunarekin ordaintzeko: gure lan baldintzak gainerako guztiaren aurrean defendatzeko garaia da, eta, beraz, laneko segurtasun eta osasuneko politika publikoen zuzendaritza aldatzea eskatzen dugu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!