PAI programatik ateratzeko baimena eman dio Hezkuntzak Castejongo ikastetxeari

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 12a, 13:43
  • Modu mailakatuan egin beharko du, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren ebazpenak egutegi xehea ezarri baitio Maiatzaren Biko ikastetxeeari. 
  • Zapore "gazi-gozoa" duen albistea da Steilas sindikatuaren iritziz.

Datorren ikasturtean haur hezkuntzako bigarren maila aterako da pai programatik. Hurrengoan haur hezkuntzako hirugarren maila, eta horrela 2029-2030 ikasturtean maila guztietatik desagertu arte. Hamar urte barru. 

Steilasek eman du jakitera albistea, sare sozialen bitartez. Zapore "gazi-gozoa" utzi die ebazpenak, Edurne Erreak Euskalerria Irratiari azaldu dionez. Albiste ona da sindikatuarentzat ikastetxeek hala nahi badute PAI programatik irten daitezen aurrekari bat ezartzen duelako ebazpenak, baina egutegiarena alderik "garratzena" dela aitortu du: "Ikasle askok urteetan jarraitu beharko dute oraindik PAI programan". Irizpide pedagogikoak kontuan hartu beharrean, erabaki politikoa izan dela adierazi du Erreak.

Castejongo ikastetxea PAItik irtetea eskatu duen lehen ikastetxea da, Maria Solanara Hezkuntza kontseilari zelarik ate hori zabaldu zenetik. Aurreko ikasturtean eskatu zuen lehenengo aldiz, baina plangintzarik ez edukitzeagatik ukatu zitzaion. Aurten egin du berriro, eta haren erabakia onartua izan zedin hezkuntza komunitatearen eta sindikatuen babes zabala eduki du.

Hezkuntza departamentuak jakinarazi zion jada martxan dauden ikasturteetan ikasleei ingelesezko PAI programan ikasten segitzeko aukera bermatu behar diela, eta hala egutegi luzea ezarri dio PAI programa ezabatzeko. 

Castejongo ikastetxe publikoak behar berezietako ikasle asko ditu, erdiak baino gehiago. Horietako asko migratzaileen seme-alabak dira. Haientzako gaztelania jada bigarren hizkuntza da; ingelesa hirugarrena. Hortaz, ingelesezko murgiltze eredua kalte nabarmena egiten ari zaiela dio Maiatzaren Biko ikastetxeko zuzendaritzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!