Zabalza auzia argitzea eskatzen duen adierazpena bere egin du gobernuak

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 11a, 12:19
  • Parlamentuan talde guztiek lortutako adostasuna biktimen gaia lanetzeko modu egokiaren adibidetzat jarri du Nafarroako presidente Maria Txibitek.
  • Donostiako Udalak aho batez eskatu du kasua irekitzea aztertu dadila.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak bat egin du Nafarroako Parlamentuak Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko egin duen eskariarekin, Guardia Zibilak atxilotu ostean Intxaurrondon torturatuta hil zela dioten audioak argitaratu ostean. Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran Geroa Baik egindako galdera bati erantzunez, presidenteak esan du "gobernuak bere egiten duela parlamentuan aho batez onartutako adierazpena, nafarren sentimenduaren isla, eta Gobernuak bat egin eta pentsamendu hori partekatu besterik ezin du egin".

Gobernuko buruak azpimarratu duenez, gai honetan lortutako adostasuna "biktimen gaiarekin zerikusia duen guztia lantzeko moduaren adibide ona da". "Horregatik, guztiok adostasun horren alde lan egin dezagun eskatzen dut, memoria demokratikoari eta memoria historikoari dagokienaren alde, hori izango baita gai bati heltzeko modurik onena, nire ustez, herritarrentzat oso sentibera delako eta inork ezin duelako horren aurrean profilik jarri. Elkarbizitzaren, memoriaren eta adostasunaren alde lan egin dezagun, horrela bakarrik egin ahal izango baitugu aurrera gizarte gisa eta erakundeen kalitate demokratikoa hobetu ", esan du.

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak adierazi duenez, Mikel Zabalzaren familiari "35 urtez ukatu egin zaizkio egia, justizia eta erreparazioa". "Semearen eta anaiaren bizitza kendu eta gero, desagertzeko unean azalpenak bilatzeko orduan tratu arduragabea jaso ondoren, eta epaitegiek ziurtasun moralak argi eta garbi adierazten zuena frogatzeko gaitasunik ez zutela ikusi ondoren, Zabalza familiarekin eta Nafarroako gizarte osoarekin zorra dago. Audio ezagunekin inflexio puntu bat dago, torturatuta hil zela dioten audioak. Egia dago, eta justizia eta ordaina tokatzen dira orain ", adierazi du.

Gaur Donostiako Udalak aho batez eskatu du Mikel Zabalzaren kasua irekitzea aztertu dadila. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Donostiak eta PPk sinatu dute adierazpena.

Remirez ez du beharrezkoa ikusten sekretu ofizialen legea aldatzea

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak adierazi duenez, "Fiskaltzaren eta Justiziaren esku dago Mikel Zabalzaren kasua berriro ireki ala ez erabakitzea", eta, horretarako, "ez da beharrezkoa sekretu ofizialen legea aldatzea". Remirezek gogora ekarri duenez, iazko ekainean onartu zuten EAJk lege proposamen bat tramitatzea, lege hori erreformatzeko, eta, nabarmendu duenez, "Ikusiko dugu zertan amaitzen den tramitazio parlamentario berria, eta, zalantzarik gabe, komenigarria litzateke ahalik eta adostasun handiena lortzea".

Azpimarratu duenez, estatu demokratiko batean "beharrezkoa da horrelako lege bat egotea", "segurtasun nazionala bermatzeko", baina lege bat ezin da izan "balizko delituzko egoerak estaltzeko tresna bat, are gehiago Estatuko egituretatik egiten badira".

Parlamentuko osoko bilkuran Podemosek egindako galdera bati erantzunez, Remirezek esan du, presidenteak esan duen bezala, Nafarroako Gobernuak "bere egiten" duela Foru Parlamentuan aho batez onartutako adierazpen instituzionala. 

Bestalde, Ainhoa Aznarez Podemoseko parlamentariak azpimarratu duenez, "ulertezina da Justiziak audio horiek kontuan ez hartzea" eta "botere publiko batzuek eta Estatuko estolda zikinek urteak daramatzaten zigorgabetasuna" gaitzetsi du, "herrialdeko esfera gorenen arteko aliantzarekin funtzionatzen dutelako".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!