Euskararen presentzia IKTetan sustatzeko hitzarmena berritu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 10a, 12:10

Euskal Wikilarien kultur elkarteak eta Euskarabideak elkarlanean jardungo dute Nafarroan 'Wikipedia Euskaraz' programa ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak, Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko. Interneteko informazio guneetan, Wikipedian adibidez, euskarazko argitalpenak eta eskaintza areagotzea da lehentasunezkotzat jo duen helburuetako bat.

Ana Ollo Foru Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza formalizatu dute, 30.000 euroko ekarpen ekonomikoa duena. Horren bidez, kultur elkarteak eta Euskarabideak elkarlanean jardungo dute Nafarroan 'Wikipedia Euskaraz' programa ezartzeko.

Nafarroako herritarrentzako euskarazko eduki digital eta kulturalen eskaintza handitzeko helburua, kontseilariak gogorarazi duenez, 2020-2023 Nafarroa suspertzeko Planaren barruan dago. "Konfinamenduan, are nabarmenago geratu da bizi dugun aro digitala, eta prozesu hori aprobetxatu behar dugu herritarrei euskara eta kultura pertsona guztien eskura jartzeko eskaintzen dizkiegun aukerak zabaltzen jarraitzeko", esan du.

Zortzi lan-ildo

Euskal Wikilarien Elkarteak azken bi seihilekoetan garatu dituen zortzi proiektuak islatzen dituzten bi memoria aurkeztu ditu. Jarduera horien artean, nabarmentzekoak dira NUPekin lankidetzan aritzea datorren ikasturterako Lehen Hezkuntzako irakasleekin jarduerak koordinatzeko, Sakanako Garapenerako Agentzia Publikoarekin lankidetzan aritzea inguruko kultura-ondarea digitalki sustatzeko zenbait jarduera garatzeko, edo Wikicommonsen bidez argitaratzea 2.000 argazki baino gehiago, 1982 eta 1992 artekoak, Ttipi- Ttapa aldizkariaren argazki-funtsekoak, Jaurlaritzak adierazi duenez.

Gainera, Euskal Wikilarien Elkarteak Nafarroako museoekin harremanetan jarraitu du Wikipedian testuak eta irudiak argitaratzeko. Horrela, Jorge Oteiza museoarekin hainbat funts partekatu dira, hala nola, hamar eskulturen deskribapen zehatza. 

Era berean, hainbat udalekin antolatu dira, hala nola Garesekoarekin edo Zubietakoarekin (azken hori bertan behera geratu da pandemiagatik), herri horietako ondare artistikoari buruzko argazki rallyak, eta Txipipedia proiektua aurkezteko hitzaldiak egin dira ikasle, irakasle eta gurasoentzat.

Vianako Printzea erakundearen Ondare Historikoaren Zerbitzuarekin lan egin da Kultur Intereseko Ondasunen Katalogoaren mapa Wikipedian argitaratzeko eta Nafarroako Gobernuaren Turismo Zerbitzuarekin testuak eta irudiak partekatzeko 'WikiBizi Euskal Herria' Wikipediaren atalaren bidez, adibidez, 146 ibilbide naturan barrena.

Proiektuak Nafarroan

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea 2016an sortu zenetik, Nafarroari lotutako hainbat proiektutan aritu da lanean, eta proiektu horiek "indartu egingo dira eta gaur goizean sinatutako hitzarmenari esker jarraitu ahal izango dute". Tokiko eragile eta erakundeekin batera lan egin dute Nafarroako kultur ondarea sustatzeko Wikipediaren bidez; tokiko toponimia, euskalkiak, historiak eta monumentuak izan dira abian jarritako ekimenen protagonistak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!