Euskaraz ikasteko eskubidea berdintasunean bermatzeko eskatu diote Arartekoari

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 17a, 19:06

HE Gurasoak taldeko eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariek bilera egin dute gaur Nafarroako Arartekoarekin.

Francisco Javier Eneriz Olaetxea Nafarroako Arartekoarekin izan dira HE Gurasoak taldea eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Sare sozialetan azaldu dutenez, haur eskolen egoera aztertu eta erakundeei haurren euskaraz ikasteko eskubidea berdintasunean berma dezaten exijitu dute. "Hezkuntzak maila guztietan oinarrizko eskubideak izan behar ditu ardatz", arrazoitu dute.

Navarra Sumak PSNren babesarekin udal haur-eskoletako hizkuntza-eskaintzaren aldaketarekin kexu azaldu da azken hilabeteetan Iruñeko euskalgintza. HE Gurasoak salatu duenez, 0-3ko zentroetako aldaketak "euskara diluitzea besterik bilatzen ez duen plan gainideologikoa" dira. 

Euskarazko mugiltze ereduari ingelesezko jarduerak gehituko dizkio udalak datorren ikasturtean. Hala, gaztelaniak ez bezala, euskarak hiru lerro izanen ditu hirian. Datorren ikasturtean Izartegi (Txantrea) eta Goizeder (Arrotxapea) eta Printzearen Harresia (Arrosadia) haur eskoletan izanen da euskarazko eskaintza. Txantrean, hizkuntza-murgiltze ereduarekin eta Arrotxapenan, eredu mistoarekin. Egun murgiltze eredu mistoa eskaintzen duen Printzearen Harresia haur eskolan eskaini nahi du ingelesa gehituko duen euskarazko eskaintza; eta hala, bi eredu hartuko ditu haur eskola horrek, datozen hiru urteetan. 2021-2022 ikasturtean bularreko haurrentzat eta ibiltarientzat bakarrik eskainiko da; 2022-23 ikasturtean, berriz, ertainentzat (1-2 urte) eta 2023-24 ikasturtean helduentzat (2-3 urte). 

Haur eskoletako erakunde autonomoko langileek eta zuzendaritzetako ordezkariek azaldu dutenez, aldaketa irizpide pedagogikorik gabe egin du udalak. “Ez zaigu, inondik ere, egokia iruditzen horrelako aldaketa sakonak ekar ditzakeen eskaintzaren prestaketan zuzendari, eskoletako lan talde eta langileen batzordeen parte hartzea bilatu ez izana eskoletan eguneroko lanean izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu gabe”, adierazi dute. Greba egin zuten otsailaren 18an, LAB eta CCOO sindikatuek deituta, eta jarraipen zabala eduki zuen deialdiak: %62koa eskola guztiak kontuan hartuz eta %86koa langile euskaldunen artean.

Hezkuntza Departamentuak ez du aldaketarik egingo zuzenean kudeatzen dituen bost hau eskoletan

Haur Eskolak Euskaraz plataformaren arabera, Nafarroako Gobernuak Iruñeko Udalak baino are okerrago jokatu du, bere haur eskoletan plazen %18 soilik eskaintzen baititu euskaraz. Jakin ahal izan dutenez, Hezkuntza Departamentuak ez du aldaketarik egingo hark zuzenean kudeatzen dituen bost hau eskoletan; beraz, bost ikastetxeetatik bitan plazen erdiak euskaraz eskainiko dira eta murgiltzerik gabe, espazioak partekatzean. Gauzak horrela, Iruñean euskarazko murgiltze ereduko haur eskola bakarra izango da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!