Elizak Nafarroan 5.000 higiezin inguru immatrikulatu dituela kalkulatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 17a, 11:24

Iruñeko Santa Maria la Real katedarla 2007an immatrikulatu zuten.

Espainiako Gobernuak 1998tik 2015era bitartean izandako immatrikulazioen zerrenda argitaratu du. Nafarroan 1.034 dira, baina Ondarearen Defentsarako Plataformaren ustez, "ohar sinpleak" kontuan hartuz gero, 5.000 izan litezke, guztira.

Espainiako Ministroen Kontseiluak 1998tik 2015era Elizak immatrikulatutako 34.961 higiezinen zerrenda bidali du Kongresura, eta horien titulartasunari buruzko erreklamazioak egiteko bidea ireki du.

Lehen aldia da Elizak 1998az geroztik Jabetza Erregistroan immatrikulatutako ondasunak zerrendatu dituztena, hau da, José María Aznarren gobernupean Hipoteka Legea erreformatu zenetik. Lege horrek administrazio publikoen modu berean hartzen zuen eliza, eta, beraz, aukera ematen zion ondasun higiezinak prozedura azkar eta erraz baten bidez erregistratzeko, gainerako pertsona fisiko eta juridikoei jabetza egiaztatzeko eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharrik gabe. Horrela, Elizak, ziurtagiri batekin, eraikin ugari erregistratu zituen.

Gobernuaren txostena kongresura bidalita, zerrenda publikoa izango da, eta norbanakoek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte.

Nafarroan badakigu 1998a baino lehen 1.431 immatrikulazio egin zirela. Espainiako Gobernuak argitaratutako zerrendaren arabera, 1998tik 2015era 1.034 immatrikulazio egin zituzten. Baina Ondarearen Defentsarako Plataformak azpimarratu du garrantzitsuena ez dela zerrenda bera, immatrikulazio bakoitzaren oharrak baizik. Kasu batzuetan "erantsitako jabetzen" erreferentziak ere agertzen direlako.

Hori ikusita, ondorioztatzen da immatrikulazio bakoitzean hainbat ondasun daudela immatrikulatuta, plataformaren arabera. Horregatik, Elizak mende berria baino lehen Nafarroan bere izenean jarritako 1.431 ondasun horiei 1998tik 2015era bitarteko 1.034 ondasunak gehituz gero, 2.500 immatrikulazio baino gehiago ateratzen dira.

Kopuru horri esker, epe osoan Nafarroan immatrikulatutako ondasunak 5.000 baino gehiago izango direla kalkulatu dute. Plataformak azpimarratu du ohar horiek edukitzea beharrezkoa dela Eliza Katolikoaren ondasunen bolumenaren eta xehetasunen berri izateko.Taldeak beldurra agertu du, gobernu sozialistak, zerrenda argitaratuta, "gaia itxi eta orrialdea pasatu nahi ote duen”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!