Euskara jakiteak ez du punturik emanen osasungintzako lan deialdi publikoan

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 12a, 10:16

Osasungintzan euskararen erabileraren aldeko protesta bat, artxiboko irudian.

Osasun departamentuak Lehen Mailako Arretako eta Larrialdietako 114 mediku-plaza deitu ditu oposizio-lehiaketa bidez.

Gaztelania derrigorrezkoa izanen da Osasun departamentuak onartu berri dituen osasun zerbitzuko 114 mediku lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdietan. Alemaniera, ingelesa eta frantsesa jakiteagatik bina puntu puntu eskuratuko dituzte hautagaiak; baina, euskara dakitenek ez dute puntu gehigarririk izanen. Hala ohartarazi du Administrazioan Euskaraz taldeak, eta gobernuari gardentasun falta egotzi dio. 

Alde batetik, 107 plaza deitu dira: 69 lehen mailako arretako taldeko medikuenak; 26 larrialdietako zerbitzu arrunteko medikuenak; eta 12 larrialdietako zerbitzu bereziarenak. Bestalde, Osasun Sistema Nazionaleko Larrialdietako Mediku Laguntzailearen 7 plaza. Bi deialdietarako probak 2021eko ekainean hasiko dira.

107 plazen banaketa

Lehen Mailako Arretako 69 plazak honela daude banatuta: 12 Lizarrako Osasun Arloarentzat, 18 Tuterako eremuarentzat eta 39 lehen mailako arretarentzat.

Bestalde, Larrialdietako Zerbitzu Normaleko 26 medikuen destinoa Lizarrako Osasun Arloa (5), Tuterako Osasun Arloa (8) eta Lehen Mailako Arreta (13) dira.

Azkenik, Larrialdietako Zerbitzu Bereziko Medikuen 12 plazak Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzara eta Bizi-larrialdiko Arretarako Zuzendaritza Teknikora zuzenduta daude.

107 plaza horietatik, 10 desgaitasuna duten pertsonen txandarako gordeko dira, 49 sustapen-txandarako eta 48 txanda librerako.

Osasun departamentuak, halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Larrialdietako Mediku Laguntzailearen 7 lanpostu betetzeko deialdia egin du. Seik Tuterako Reina Sofia Ospitalea dute helmuga, eta besteak Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalea. Lanpostu horietako lau sustapen-txandarako gordeko dira, eta beste hirurak txanda librerako.

Bi deialdietan izena emateko epea gaur hasi eta martxoaren 15era arte iraungo du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!