Torturaren biktimei aitortza eta erreparazioa ematea eskatu die Foro Sozialak Nafarroako erakundeei

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 11a, 13:35

Torturaren arduradun politikoek egindako kaltea publikoki onartzea beharrezkoa dela iritzi dio Foro Sozial Iraunkorrak. Aztnugal auziko biktimekin bilera egin ostean, ondorioak biltzen dituen txostena garatu dute.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra joan den urtarrilaren 29an bildu zen Iruñean Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi Martinez eta Iñigo González Etayorekin. Beren helegiteen ondorioz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hiru aldiz kondenatu du Espainiako Estatua, 2011. urtean jakinarazi ziren tortura-salaketak “sakon eta eraginkortasunez” ez ikertzeagatik. Bilera horretan, “Aztnugal” dinamikako ordezkariek, hainbat dokumentazio emateaz gain (epaiak eta Tortura Prebentziorako Europako Batzordearen txostena), bi eskaera egin zizkioten Nafarroako Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritzari: aipatutako epai eta txostenak Nafarroako gizarteko ordezkari instituzional gorenei ematea eta harreman horietan, ikerketa ofizial bat egiteak duen garrantzia azpimarratzea, Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarrek zenbat pertsona torturatu dituzten argitzeko, eta, era berean, giza eskubideen urraketa larri horrek Nafarroan izan dituen ondorioen argazki osoa eskaintzea.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak eskaera horiek bere egitea erabaki du. Txosten bat garatu dute eta Nafarroako erakunde guzietara bideratu dute. Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak salatu duenez, tortura ez da "noizbehinkakoa" izan, "azken epai hauek berresten duten bezala". Txostenean beharrezkoa ikusten dute "garai hartako arduradun politikoek, praktika hau denboran irautea ahalbidetu zutenek, egindako kaltea publikoki onartzea".

Antzeko ezaugarriak dituen Euskal Legeari buruz Konstituzio Auzitegiak emandako epaien ondoren, 16/2019 Foru Legeari errekurtsoak aurkeztu zizkioten hiru alderdi politikoei errekurtsoa kentzeko eskatu diete. Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzari, berriz, jarrai dezala torturak Nafarroako Foru Komunitatean izan duen eraginaren argazki osoa eskaini nahi duen azterlanarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!