ELAk ohartarazi du Europako funtsek murrizketa gehiago ekarriko dituztela Nafarroara

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 8a, 13:48

ELAk proposatu du funtsezkoa dela Europako funts horien baldintzazkotasuna ezabatzea eta behar sozialetara bideratzea. "Funts horiek sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoa bermatu behar dute, Nafarroako Ubidea edo AHT bezalako proiektuak bertan behera utziz".

Imanol Paskual, Sindikatuko Nafarroako koordinatzaileak, onartezintzat jo du Europar Batasunak Europako funtsak jasotzeko murrizketak egitea behartzea. Gainera, ohararazi du funts horiek ez direla behar sozialetara bideratuko, multinazional handiei baizik, eta ingurumenaren aldetik jasangarriak ez diren proiektuak bultzatuko dituztela.

Sindikatuaren iritziz, Europako funtsen banaketa arautzen duten irizpideek argi eta garbi zehazten dute, funts horiei heldu ahal izateko, zenbait erreforma aplikatu behar direla, besteak beste, pentsioak, lan-erreformak edo "merkatu-batasuna" delakora bideratutakoak.

"Funts horien helburua ez da osasun-, hezkuntza-, zaintza-, gizarte- edo enplegu-politika eskasak finantzatzea, horien gabezia handiak agerian geratu baitira egungo krisian. Aitzitik, onuradunak multinazional handiak izango dira. Nafarroako Gobernua eraldaketa ekologikorako estrategia bat bultzatu nahi dela esaten duen Nafarroa Green programarekin egiten ari den propagandaren aurrean, Europako funtsak Nafarroako Ubidea edo AHT eraikitzeko baliatu nahi dira", adierazi du Paskualek. Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik "jasanezinak diren obrak, lizitazio publikoen atzean dagoen negoziotik soilik ulertzen direnak, eta, gainera, Nafarroak pairatzen duen despopulazio-arazoan sakonduko dutenak".

Bestalde, eta urtarrilaren 28an Kongresuan onartutako Europako funtsei buruzko Dekretuari dagokionez, ELArentzat albiste txarra da ezkerreko alderdiak dekretu horren alde bozkatzea, eztabaidaren erdigunean funts horiek jasotzeak murrizketa sozial berriak ekarriko dituela adierazi beharrean.

Egoera horri aurre egiteko, sindikatuak uste du ezinbestekoa dela austeritate politikei amaiera ematea eta Nafarroan zerga-erreforma bat egitea, daukagun zerga-sistema bidegabe eta eskasarekin amaitzeko. 2007an zegoen Sozietateen gaineko Zergaren bilketara itzulita (eta BPG % 11 txikiagoa izanik), sei urtean 1.996,2 milioi euro bilduko lirateke, aldi berean funtsetatik irits daitezkeenak baino 461,9 milioi euro gehiago. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!