EH Bilduko gazteen ustez, plana "ez da nahikoa, jasotzen dituen neurriak eta proposamenak zehaztugabeak direlako". "Ez dago proposamen berririk gazteok ditugun arazo, behar eta interesei erantzuteko, eta, gainera, egungo errealitatetik guztiz urrun daude, une honetan bizi dugun pandemia egoerari aurre egiteko", kritikatu dute.
Era berean, EH Bildu Gazteak "funtsezkotzat" jo du berdintasuna eta kultura aniztasuna "zeharkako ardatz" izatea eta, beraz, "Gazteria Planaren esparru guztietako jarduerak gidatzea". Hala, "indarkeria matxista kasuen kopuru handiagatik kezkatuta" agertu dira, eta "gazteen arteko indarkeria matxistari aurre egiteko prestakuntza eta kontzientziazioa neurri espezifikoekin batera" joan behar dela aldarrikatu dute. “Ezin dira mugatu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egiten dituen jardueretara, ardatz jakin batera murriztuz ", gaineratu dute.
EH Bilduko gazteen ustez, "ezinbestekoa da jatorri-aniztasuna eta aniztasun kulturala kohesio-elementu gisa lantzea, eta, horretarako, bizikidetza multikulturala modu transbertsalean landu eta bultzatu behar da".
Halaber, deitoratu egin dute Gazteriaren Foru Plana egiteko orduan "inkestetatik harago, parte-hartze zuzeneko ekintzarik aurreikusi ez izana", eta adierazi dute "beharrezkoa" litzatekeela "foroak egitea, bai gazte erakundeekin, bai antolatu gabeko gazteekin".
Ildo horretan, EH Bilduko gazteek Gazte Erreskate Planean jasotako 160 neurrien proposamena gogora ekarri dute, Gazte Sozialistekin, Gazteok Bai-rekin eta Rebeldía Navarra-rekin batera aurkeztu zutena eta hainbat ikuspuntu bateratzen zituen elkarlanaren emaitza zena, eta Gazteriaren Foru Planean "kontuan hartu beharrekoa" dela uste dute.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduko gazteek plan horretarako proposamenak jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztu dute, egungo pandemia egoeran gazteek dituzten beharrizan desberdinei erantzunez.
Proposamen zabal eta ugarien artean, EH Bildko gazteentzat, "etxebizitza bat lortzea eta emantzipazioa errazteko gazteei zuzendutako neurriak premiazkoak dira”. Hala, "Emanzipa laguntzak jasotzeko irizpideak malgutzeko beharra" nabarmendu dute, baita "etxebizitza parke publiko bat egiteko beharra ere".
Ildo beretik, enplegua "gazteen artean kezka gehien pizten duen alorretako bat da", eta, horregatik, "gazteen kontratazioa bultzatuko duten neurriak ezartzeko premia" defendatu dute. Besteak beste, "Gazteen Enplegurako Bulego bat sortzea" azpimarratu dute, "Nafarroan gazteen lan eskaintza eta eskaria lotzeko, bai eta Nafarroako enpresa-sarea eta lana bilatzen ari diren gazteak lotzeko ere".