Lanbide Heziketako goi-mailako euskarazko ziklo gehiago eskatu ditu LABek

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 28a, 17:32

 Mariana Sanz Ikastetxe Integratuan sare-sistema informatikoen administrazioa eta Nekazaritza eta Basozaintza Ikastetxe Integratuan Abeltzaintza eta Animalien Osasuneko Laguntza zikloak euskaraz eskaintzeko eskatu dio hezkuntza departamentuari.

2019-2020 ikasturtean Lanbide Heziketari eta euskarari buruzko azterketa bat egin ostean, LAB Irakaskuntzak honako ondorio hau atera du: "Iruñerrian, "D" ereduan ikasten duten ikasle gehien dituen eremua izan arren, Goi Mailako lau ziklo baino ez dituzte euskaraz ematen, eta horrek ez ditu hizkuntza horretan ikasten duten pertsonen beharrak asetzen, inondik inora ere". Horregatik Lanbide Heziketan Goi Mailako Ziklo gehiago jar ditzala eskatu dio Nafarroako Hezkuntza Departamentuari. Mariana Sanz Ikastetxe Integratuan sare-sistema informatikoen administrazioa eta Nekazaritza eta Basozaintza Ikastetxe Integratuan Abeltzaintza eta Animalien Osasuneko Laguntza zikloak, zehazki.

Iruñeak du eremu mistoan euskaldunen ehuneko handiena, eta LABen ustez, Goi Mailako zikloen eskaintza bertan guztiz urria da; ez ditu ikasle euskaldunen beharrak betetzen. Eremu honetan Goi Mailako bost ziklo daude, lau Iruñean eta beste bat Irunberrin. Sindikatuak azaldu duenez, iazko martxoan egin ziren aurretiazko izen-emateek nabarmen gainditu zuten euskaraz eskainitako plaza kopurua; eta ondorioz, ikasle euskaldunak behartuta egon ziren zikloak euskaraz ematen ez zituzten ikastetxeetan matrikulatzera.

Bikoiztutako zikloen inguruko azterketa bat egiteko eskatu du, halaber, sindikatuak, "bertara iristen diren ikasleak zein hizkuntza-eredutatik datozen jakiteko".

CIP LH Sakana LH IIP ikastetxean euskarazko ziklo bakarra dagoela ohartarazi dute. Industriaren arloan, goi-mailako bi ziklo eta erdi-mailako beste bi daude. Horiez gain mendiko eta eskaladako hiru ziklo gehiago ere badaude; guztiak gaztelaniaz. Sakanan DBHko ikasketak amaitzen dituzten ikasle gehienak "D" eredukoak direnez, LAB Irakaskuntzaren ustez, euskarazko eta gaztelaniazko zikloen arteko desoreka hau astakeria hutsa da. Sindikatuak uste du, gainera, etorkizunean ezinbestekoa izan behar dela CIP LH Sakana LH IIP ikastetxeko irakasle berriei euskara eskatzea, gaztelaniazko zikloetatik euskarazko zikloetarako aldaketa mailakatua izan dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!