Nafarroako Osasunaren Plataformak hainbat neurri proposatu ditu lehen mailako arreta "biziberritzeko"

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 28a, 09:09
Iruñeko Alde Zaharreko osasun etxea.

Nafarroako Osasunaren Plataformaren ustez, "jarduteko eta erabakiak hartzeko unea da". Hainbat neurri proposatu ditu, "lehen mailako arretak pazienteen eta herritarren aurrean osasun eragile gisa duen eginkizuna suspertzeko".

Plataformak ohar batean adierazi duenez, Covid-19ren krisiak agerian utzi ditu osasun sistema publikoaren eta lehen mailako arretaren antolakuntza eta egitura arazoak, eta "pixkanaka okerrera egiten ari da, beharrezkoak diren eta gero eta premiazkoagoak diren jarduerei ekin gabe".

Horrenbestez, urtarriletik martxora bitartean garatzeko "berehalako" neurri sorta bat proposatu du, "Lehen mailako arretarako irisgarritasuna hobetzeko eta arretaren eta zaintzaren jarraitutasuna bermatzeko", birusa duten eta ez duten pazienteentzat.
Eskaeren artean, honako hauek daude: osasun zentro guztietan aurrez aurreko arreta segurtasun nahikoarekin bermatzea; egungo plantillak birdimentsionatzea eta ordezkapenak ziurtatzea; edoys administrazioko langileak indartzea.

Halaber, "funtsezkotzat" jo du gizartean esku hartzeko plan bat egitea, birusaren aurkako babes- eta isolamendu-neurriak bermatzeko talde ahuletan.
 
Bestalde, plataformak beste neurri sorta bat proposatu du urtarriletik ekainera bitartean garatzeko, besteak beste, lehen mailako arretako profesionalentzako ordainsari osagarri bat; plantillak indartzea; etxez etxeko arreta sustatzea patologia kronikoa, hauskorra eta zainketa aringarriak dituzten pertsonei arreta emateko programen barruan; edo adinekoen egoitzei arreta emateko plan proaktibo bat egitea, lehen mailako arretaren unibertsalizazioa bermatzeko.

Halaber, Osasun Sailarteko Kontseilua suspertzearen aldeko apustua egin du, politika guztietan osasuna bultzatzeko, pandemiak nabarmen erasaten dien populazio kalteberak artatuz.

Azpiegiturei dagokienez, "premiazkotzat" jo du sei hilabeteren buruan osasun zentroetan inbertsio plan bat egitea, lan berriak egin ahal izateko: errehabilitazioa, arreta psikologikoa, terapia okupazionala, ekintza soziala, bideokonferentziarako espazio teknologikoak edo kontsulta telematikoak.

Horrez gain, "egiturazko, aurrekontuetako eta araudietako" neurri batzuk proposatu ditu. Aurrekontuen artean, lehen mailako arretara bideratutako aurrekontua hiru urtean % 25era igotzea, ospitaleetako gastua eta egitura birdimentsionatzea eta itunak kontrolatzea eta murriztea eskatu du.

Neurri arautzaileen artean, legegintzaldi honetan Osasun Departamentuko langileen estatutu bat egitea proposatu du, "profil profesional berriak jasoko dituena", eta "berehala" Parlamentuari Osasunari buruzko foru lege aurreproiektu bat aurkeztea, "osasun sistema publikoa indartuko duena".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!