Energia berriztagarrien "boom" berri bat gertatzen ari dela ohartarazi du Sustrai Erakuntzak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 27a, 15:38

“Nafarroako energia berriztagarrien boom berria. Egoera, inpaktuak eta proposamen alternatiboak“ txostena aurkeztu du gaur Sustrai Erakuntzak. 

Nafarroan energia berriztagarrien proiektu berri eta handi ugari bultzatzeko atzean dauden arrazoiak ezagutarazteko sortu du txostena fundazioak. Azaldu dutenez, proiektu berriek lehendik daudenek sortzen dituzten inpaktuak areagotuko dituzte, eta energia-kontsumo neurrigabearen aurreko erantzun gisa aurkezten dira.

Gaur egun, "energia eolikoa hartzeko poligonoz gainezka" dauden Nafarroako Erdialdeko Zonaldean eta Erriberan proiektu eoliko eta eguzkiko berriak onartzen jarraitzen dela salatu dute: "Horietako asko eremu babestuen ondoan kokatuta daude, non egiten dituzten kalteak handiagoak diren".

Fundazioaren aurreikuspenen arabera, ekosistemen gaineko presioak gora egiten jarraituko du, Nafarroako, Estatuko eta Europako plangintzak bat egiten baitute helburu horretan. Hala, Espainiako Estatuak energia-plan bat onartuko du 2050ean ekoitzitako elektrizitatearen %97 berriztagarria izan dadin, eta horrek poligono berriztagarri erraldoien garapen handia ekarriko du. Plangintza hori proiektu berrien oldea ari da sortzen dagoeneko, eta, horren ondorioz, bikoiztu egingo litzateke Nafarroak haizearekin sor dezakeen elektrizitate-kopurua, eta, gainera, 10 aldiz handituko litzateke gaur egun dauden eguzki-parke fotovoltaiko handien tamaina.

Tramitatzen ari diren proiektu eolikoen artean, honako hauek aipatu dituzte: Sacyr eraikuntza enpresak Iruñerriaren iparraldean dauden mendietan dituenak, Nordex Acciona eolikoen enpresarena Lesakan, edo Green Capital Power enpresarenak, beste 5 proiektu izango lituzkeena zorroan, horietako bi Urbasa eta Andia mendilerroen magalean. Eguzki energia fotovoltaikoa lortzeko poligono handiei dagokienez, garrantzitsuenak Erreniega mendilerroan kokatuko lirateke, bat hegoaldeko hegalean, Izarbeibarren, eta beste bi mendilerro beraren iparraldeko hegalean, Zizur eta Galar Zendeetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!