Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSNko gazte erakundeek erreskate plan bat proposatu diote parlamentuari

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 21a, 10:02
Lau gazte taldeetako ordezkariak, erreskate planaren dokumentua eskutan.

Ezinbestekotzat jotzen dute prekarietate egoera arintzea, kalitatezko enplegua sortzea eta etxebizitzako arazoak konpontzea. Navarra Suma izan da proposamena babestu ez duen bakarra.

Nafarroako Gazte Sozialistak, Gazteok Bai, EH Bildu Gazteak eta Rebeldia Navarra taldeek erreskate plan bat proposatu dute foru parlamentuan, gazteek "krisi ekonomiko handienarengatik ordaintzen dutenak izateari utz diezaioten”.

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSNko gazte erakundeek agerraldia egin zuten atzo, asteazkenarekin, foru parlamentuan, lau erakundeen artean adostutako proposamenak biltzen dituen dokumentua aurkezteko. Planak 160 neurri jasotzen ditu, sei multzotan banatuta: ekonomia soziala, etxebizitza, hezkuntza, eskubide sozialak, erronka ekologikoa eta jasangarritasuna eta, azkenik, dokumentuan jasotako neurrien finantzaketa.

Saioan ohartarazi zutenez, pandemiak langabezia eta prekarietate handiagoa ekarri die gazteei, eta birusaren hedapenaren erantzule egin ditu. "Krisien arteko belaunaldia gara, 2008ko krisiaren ondorioak jasaten ari gara oraindik, eta dagoeneko beste berri batean gaude", deitoratu zuten. Horregatik erabaki dute taldeen arteko ezberdintasunak alde batera uztea, eta proposamenen dokumentua egitea.

Krisiak eragindako sektore nagusietako bat gazteria dela azpimarratu zuten, eta erreskate plan hori "Nafarroako bizi baldintzak hobetzeko lehentasuna" dela aldarrikatu zuten. Ezinbestekotzat jotzen dute prekarietate egoera arintzea, kalitatezko enplegua sortzea eta etxebizitzako arazoak konpontzea. Izan ere, ziur daude krisialditik ateratzeko ezin direla 2018koan emandako pausoak errepikatu.

Navarra Suma, kontrara

Talde parlamentarioen txandan, Navarra Suma izan zen proposamenaren aurka agertu zen bakarra. Lan saioa eskatu zuten alderdiei "propaganda alderdikoia egitea" aurpegiratu zien, "parlamentua euren interesetarako modu lotsagarri eta tamalgarrian erabiliz”.

Gainerako alderdiek, ordea, lau gazte elkarteek egindako lanari balioa eman zioten, planak gazteentzako hobekuntzak lortzeko proposamen zehatzak dituelako, eta herritarren ongizatea erdigunean jarritzen duelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!