Erronkariko bailarak inbertsioak eskatu ditu, hornidura etenak saihesteko

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 18a, 08:01
Erronkari, elurtuta.


Azkenekoa urtarrilaren 6an izan zen, eta hiru egun baino gehiago iraun zuen.

Erronkariko bailarako herriek inbertsio gehiago eskatu dizkiete erakundeei eta enpresa pribatuei, argi, internet eta telefono finkoaren mozketak saihesteko, neguan eguraldiak okerrera egiten duenean. Horietako azkena urtarrilaren 6an gertatu zen, eta hiru egun baino gehiago iraun zuen: urtarrilaren 10era arte ez zen konpondu.

Telefono eta internet zerbitzuaren etetea elurrak eragin zuen. Telefonica enpresak, Pirinioetako haraneko linearen titularrak, kaltetutako bizilagunei kalte-ordainak emango dizkiela iragarri du, eta Nafarroako Gobernuak aireko linearen ordez lurpeko zuntz bat jartzeko edota gobernuaren sarea erabiltzeko eskatu dio konpainiari.

Erronkariko ibarreko egoera sare sozialetan zabaldu da, eta arazo horiek "onartezinak" direla esan du Guzman Garmendia Nafarroako Gobernuko Telekomunikazioetako zuzendari nagusiak.

Elena Calvo Burgiko alkateak azaldu duenez, interneteko eta telefonoko mozketak, duela ia bi aste erregistratutakoa bezalakoak, gertatzen dira enpresa pribatuak lineak ez mantentzeagatik, ez inbertitzeagatik eta ez garbitzeagatik. Alkateak azaldu duenez, bailarak pairatzen duen egoerak eragin negatiboa du zonaldeko negozioetan, "kaosa" bizitzen baitute linea erortzen den bakoitzean. Halaber, aisialdia eta harreman sozialak baldintzatzen dituela azpimarratu du. Hornidura elektrikoaren mozketak ere ohikoak dira, eta Calvok azpimarratu du arazo horien guztien batura "imajinaezina" izango litzatekeela "Iruñeko edozein auzotan".

Neguan izaten den beste arazo bat errepideena eta zirkulazioarena da. Calvok elurra kentzeko makina gehiagoren alde egiten du. Uste dute aldaketa bat egon behar dela eskumenei buruzko legedian, Nafarroako Gobernuaren mende ere egon daitezen.
 
Ez dute uste Erronkariko harana "abandonatuta" dagoeenik, Nafarroako Gobernuan Pirinioetako plan estrategiko bat dagoelako, talde guztien babesa duena. Hala ere, beste proiektu batzuk gauzatu aurretik, bailarako egunerokotasunari eragiten dioten "oinarrizko eta ezinbesteko" gaiak konpondu beharko liratekeela azpimarratu dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!