Euskararekiko hizkuntza politika "positiboaren" alde egin du gobernuak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 14a, 13:33

Egungo hizkuntza politikak "herritar gehienen diskriminazioa" dakarrela krikatu du Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan. UPNren politika publikoak kritikatu ditu Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak. 

Euskara eztabaida politikora ekarri du Navarra Sumak gaur Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Gobernuak bultzatutako hizkuntza politiken bitartez, "gehiengoa", diskriminatzen dela salatu dute berriro. Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak egin du, euskaraz. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak erantzun dio eta hizkuntza politika "positiboa" sustatzearen alde egin du; izan ere, azaldu duenez, euskara Nafarroako gizartearen balio bat da, Nafarroako "bizikidetzaren eta aniztasunaren balio bat". UPNren politika publikoak kritikatu ditu Ollok: "Diskriminatzaileak izan dira herritarren gehiengoarekin, baita euskaldunarekin ere".

Interpelazioari erantzunez, Ollok esan du Gobernuak bultzatzen duen hizkuntza politika "legealdirako akordio programatikoan adierazitakoan oinarritzen" dela. Akordio horrek "Nafarroako errealitate historikoa, kulturala eta soziala babestea eta babestea" aurreikusten du, "Nafarroako berezko hizkuntzak barne". "Erronka handia dugu, gure hizkuntza aniztasuna eta hizkuntzen elkarbizitza demokratikoki kudeatzea, ahalik eta herritar gehienek gizartearen etorkizunarekin konpromisoa senti dezaten", azaldu du.

Navarra Suma bakarrik geratu da euskararen aurkako kritikan

PSNren aldetik, Inma Juriok aitortu du "desadostasunak" daudela gobernuko kideen artean hizkuntza arloan, baina horrek ez dakarrela "ahulezia, sendotasuna baizik". Eta politikak "Lorafnaren errespetuan, Euskararen Legean, segurtasun juridikoan eta herritarren eskubide eta askatasunean" oinarritu behar direla uste du.

Geroa Bairen izenean, Jabi Arakamak 2015az geroztik bultzatutako politikak babestu ditu, eta, horren harira, "euskararen normalizazioari eta sustapenari bultzada irmoa" eman diotela esan du, "zaintza bikainarekin elkarbizitza beti erdigunean mantentzeko eta hamarkadetako politika euskarofoboen ostean". Bazkideen arteko desadostasunei dagokienez, "hitz egiten eta entzuten jarraitzearen alde" egin du, "akordio zabalak lortzeko".

Bakartxo Ruiz EH Bildutik deitoratu egin du Navarra Suma eta PSN "inposaketaren mantrarekin" egotea. Aurreko legegintzaldian "urrats batzuk" eman zirela esan du, baina "zonifikazioa ez zela gainditu" deitoratu du, eta "araudiaren inguruan eman ziren pauso urrietan, gaur egun, euskara ezin da merezimendu gisa baloratu", gaineratu du.

Ahal Duguren aldetik, Ainhoa Aznarezek galdetu du "zergatik ari garen Nafarroan beti bi hizkuntzak aurrez aurre jartzen"; Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Katalunian, berriz, "administrazio publikoan zein gobernuetan bi hizkuntzak erabiltzen dituzte". Gainera, "Iruñean 0-3 urte bitarteko ikastetxeetan egiten ari diren hizkuntza politikari, dagoen eskariari eta bideratzen diren lanpostuei begiratzeko" eskatu dio Navarra Sumako ordezkariari.

Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simonek defendatu duenez, "euskarak elkarbizitzarako faktorea izan behar du, eta ez liskarrerako faktorea", eta "euskara nafarren kultur ondarearen parte gisa sustatzearen alde" egin du, "Nafarroan bizi garen pertsona guztiok euskara propiotzat senti dezagun, hitz egin edo ez".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!