Tabernetan erretzea debekatuko du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 13a, 13:47

Koronabirusari aurre egiteko neurriak gogortu ditu Nafarroako Gobernuak. Tabernak bederatzietan itxi beharko dituzte, kalean mugimenduan erretzea debekatuta izanen da eta saltoki handietan eduera murrituko dute.

Ordubete lehenago itxi beharko dituzte jatetxe eta tabernak. Orain hamarretan dute itxiera, ostiraletik aurrera bederatzietan. Arrisku handiko egoerak ekidin nahi ditu horrela Nafarroako Gobernuak, tabernetan afaltzea, alegia.

Ez da izanen ostalaritzari eragiten dion neurri berri bakarra. Tabernetan erretzea ere debekatu du gobernuak.  Terrazetan edota tabernek kanpoan dituzten barriketan erretzea debekatuta izanen da. Eta kalean ere, oinez, erretzea baita ere. Geldirik eta bi metroko distantzia mantenduta egonen da baimenduta, beraz, erretzea.

Saltoki ertain eta handietan eta merkalguneei dagokienez, gehienezko edukiera ehuneko 30ekoa izanen da.

Horiek dira aldaketa nagusiak, orain arteko gainerako neurri murriztaileak bere horretan mantendu dituelako exekutiboak. Nafarroa perimetralki itxita jarraituko du, etxeratze agindua gaueko hamaiketatik goizeko seietara mantenduko dute eta topaketa pribatuei dagoekienez, etxean gehienez bi bizkidetza unitateko sei lagun elkartu gaitezke. Hala ere, gobernuak topaketak bizikidetza unitatera mugatzeko gomendioa luzatu du.

Ostiralean sartuko dira indarrean gobernuak onartu dituen arau berriak, eta urtarrilaren 28ra arte indarrean izanen dira, bi astez. Datorren astean, dena den, egoera berrikusiko du gobernuak neurriak gogortu edo arindu daitezkeen aztertzeko.

Oraindik ezin da argi ikusi zein den eguberriek izan duten eragina. Baina joera garbi bat atzeman du osasun departamentuak: "Goranzko joeran dira positiboak".

Gabonetan herritarren gehiengoak zuhurtziaz jokatu zuela goraipatu du gobernuak; baina, gaizki egiten dutenen eragina handia dela ohartarazi du gobernuak. Gaiaz hizketan, Irunberrin atzeman duten agerraldia aipatu du Carlos Artundo osasun zuzendari nagusiak. Kalderoen egunean eman ziren Irunberrin kutsatzeak, eta osasun departamentua behaketa berezia eginen duen aztertzen ari da.

Positiboek gora egin arren, arrisku maila altuan da Nafarroa, lauko maila batean, hirugarrenean; ospitaleetan presioa “neurrizkoa” delako une honetan. Nafarroako ospitaleen oheen %6,20 daude kovid gaixoekin okupatuta eta zaintza intentsiboen unitatean %12. Egoera okertu daiteke, baina, datozen asteetan eta osasun kontseilariak ohartarazi du, neurriak gogortzeko prest izanen direla.

5.850 txerto iristen dira Nafarroara astero

Aste honetan txertatzeen erritmo mantsoari buruz Navarra Sumak eta Eh Bilduk egindako kritikei, erantzunez. Santos Indurain osasun kontseilariak defendatu du kronograma jarraituz garatzen ari dela gobernua txertaketa kanpaina. 

Lehen fasea otsailaren 12an amaituko du Nafarroako Gobernuak. 13.000 pertsona deitu dituzte txertoa jartzera, zahar etxe eta desgaitasun zentroen egoiliar eta langileen artean eta horietatik ehuneko 92k onartu dute jartzea. Urtarrilaren 21rako jasoko dute denek lehen txertoa.

Aurki abiatuko da osasun langileen eta menpekotasuna duten pertsonen eta haien zaintzaileen txertzea, guztira 25.000 lagun deitu dituzte txertoa jartzera.

Zaurgarrienek txertoa jaso ostean abituko da bigarren fasea. Pertsona nagusiak, kronikoak eta egoera sozioekonomiengatik zaurgarri direnak txertatuko dituzte bigarren fase honetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!