Urriaren 12ko ekitaldiagatik gaur hastekoak ziren deklarazioak atzeratu dituzte

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 11a, 10:58
Deklaratzera deituak izan diren lagunak, Katakraken egindako agerraldian.

Auziperatuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzera ere bertan behera utzi dute. 50 eragilek baino gehiagok atxikimendua adierazi diete.

Koroaren aurkako delitua leporatu diete Nafarroako hamabi laguni, urriaren 12an Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen estatuak eraisteagatik Gora Herriak! ekitaldian. Gaur, bihar eta ostegunean ziren deklaratzekoak, telematikoki. Baina, atzeratu egin dituzte, denboraleak Madrilen eragindako egoeraren ondorioz.

Iragan urriaren 12an, Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek Gora Herriak! izeneko ekitaldia egin zuten Iruñean, eta Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen itxura zuten bi estatua eraitsi zuten hainbat lagunek. Orain, horietako hamabi Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte.

Deklaratzera deitutakoek 50 eragileren babesa jaso dute. Horien artean daude EH Bildu eta Nafarroako Ezker Batua; baita LAB, Steilas, EHNE, CGT eta Iruñeko CNT sindikatuak ere. Babesa adierazi dieten gainerako eragileak Nafarroako eta Iruñeko elkarteak dira, auzo eta arlo askotakoak: Sare, Bilgune Feminista, Nafarroako SOS Arrazakeria, Alde Zaharreko Gazte Mugimendua, San Fermines 78 Gogoan, Salhaketa, Altsasu Gurasoak...

“Kritika politikoa zigortu nahi dute”.

Auzipetuek salatu dute auziak “izaera politiko hutsa” duela, kritika politikoa kriminalizatzen eta adierazpen askatasuna erasotzen duelako. “Oso larritzat jotzen dugu hau: Espainiako erregearen figura, Espainiaren historia koloniala eta espainiar proiektua bera kritikatzea zigortu nahi dute”, adierazi zuen Lur Albizu Etxetxipiak, auziperatuetako batek, duela hiru aste egindako agerraldian. “Eskandalutzat” jo zuen kritika politikoa egiteagatik Madrilera deklaratzera deituak izatea: “Ekitaldi politiko batengatik prozedura judicial bat irekitzea, non eta salbuespenekoa den Espaniako Auzitegi Nazionalean, ez da berria, baina eskandalu politikoa da”.

Azaldu dutenez, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abaitu zuten ikerketa, komisaldegian deklaratzera deitu baitzituzten, eta ekitaldiak zigorgarriak zirela ebatzi zuten, beren kabuz, auzia Auzitegi Nazionalera eramanez. Baina, horrez gain, “erasoaren atzean” sektore “erreakzionarioenak” ere badaudela ziurtatu dute: “Gurean, Navarra Suma eta komunikabide jaki batzuk nabarmendu dire ekitaldairen kriminalizazioa”.

Hala ere, ziurtatu dute ez direla isilduko. “Ez delako justua eta ez gaudelako prest onartzeko Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionala gure herriko agenda politikoan behin eta berriz sartzea”. Hortaz, “erantzun bateratua” emateko deia egin dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!