Eguberrietako urteroko tradiziorik errotuenak ere kolokan jarri ditu koronabirusaren izurriteak, eta urtarrilaren 5eko Errege Magoen desfilea ezingo da bere horretan ospatu. Baina, Iruñeko neska-mutilek aukera izango dute Errege Magoak ikusteko.
Izan ere, urtarrilaren 5ean, Estela, el viaje de los Reyes Magos (Estela, Errege Magoen bidaia) izeneko haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute Nafarroa Arenan. Ekialdeko izarrak erregeei Jesus haurraren jaiotza iragartzeko egindako bidaia azaltzen duen antzerki eta zirku obra bat da. 50 aktoretik gora osatzen dute, ordubete iraungo du, eta amaieran etorriko da sorpresa: Errege Magoak taula gainean agertuko dira.
Ikuskizuna egun horretarako prestatu dute espresuki, Artworks komunikazio agentziarekin. Hiru saiotan eskainiko dute, 12:00etan, 16:00etan eta 19:30ean, 1.198 laguneko edukierarekin saio bakoitzeko, eta sarrerak 6 euroko prezioa izango du. Sarrerarik gabe gelditzen direnek, ordea, egun berean, arratsaldeko zazpietan, ikusteko aukera izango dute, Navarra Televisión katean zein Errege Magoen desfilearen webgunean.
Ikuskizunaren aurretik, 16:30ean, tradizioari eutsiz eta modu sinbolikoan, hiriko katedraleko kanpaiak jotzen hasiko dira, eta San Zernin, San Nikolas, San Lorenzo, Aldapako San Fermin eta San Migel elizetakoak gehituko zaizkie. Aurten aurrera atera ahal izan dituzten beste jarduerak zian dira errege postariak, Errege Magoen Heraldoa sariketa; eta film labur, argazki, marrazki eta idazlan lehiaketak; ez, ordea, errege opilena.