Nafarroak urte bukaerarako aurreikusiriko neurriak gogortu ditu

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 28a, 08:05
Maria Txibite eta Santos Indurain, udan egindako agerraldi batean. (Nafarroako Gobernua)

Gabon zahar gauean 23:00etan mantenduko da etxeratzeko agindua, topaketak sei pertsona artekoak izanen dira, eta Foru Erkidegoaren perimetroaren itxierak bere horretan jarraituko du

Nafarroak ez ditu malgutuko COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko prebentzio neurriak, azken egunotako bilakaera epidemiologikoa ikusirik. Hala, Foru Erkidegoaren  perimetroaren itxierak bere horretan jarraituko du, etxeetako  topaketak bi bizikidetza unitatetako sei pertsonakoak izanen dira gehienez, eta urte zahar gauean 23:00etan mantenduko da etxeratzeko agindua.

Hasiera batean aurreikusiriko neurrien gogortzea lehendakariaren foru dekretu batean gauzatuko da; heldu den astelehenean argitaratuko da dekretu hori, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bestalde, oraingoz ez da aldaketarik ezarriko hainbat sektoretako edukiera mugetan: ostalaritza, merkataritza, ikuskizunak, egoitzak eta kirol jarduera, besteak beste. 

Osasun Departamentuak atzeman du kasu-kopuruak gora egin duela azken egunotan, eta, “are kezkagarriagoa dena, goranzko joera argi eta garbia”.

Epidemiologia-adierazleek okerrera egin dute, eta ondorioz, Nafarroako Gobernuak, osasun arduradunen proposamena aintzat harturik, urtearen bukaerarako aurreikusiriko salbuespenak ezabatu ditu, kutsatzeak “ahalik eta gehien” prebenitzeko eta “eguberrien ondorengo beste pandemia-olatu bati aurrea hartzeko” xedez.  

Osasun Departamentuaren esanetan, hirugarren olatu batek “eragin nabarmena” izan lezake giza bizitzengan, osasun-sistemaren gaineko inpaktuan eta beste beharrizan eta patologiei emaniko arretarengan, eta ondorioak eragin ditzake ekonomian eta bizitza sozialean. Horrez gain, ez da ahantzi behar Nafarroan egoera okertzeak “berriz ere negozioak ixtea, edukierak mugatzea eta gainditurik zeuden murrizketetara  itzultzea” ekarriko lukeela.
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!