Esku hartze sozialeko lehen hitzarmena ezartzeko akordioa lortu dute langileek eta LAB sindikatuak

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 23a, 13:39

ANEIS Nafarroako Esku-hartze sozialeko patronalak eta LABek aurreakordioa lortu zuten atzo. Gaur sinatu dute Nafarroako Gobernuak, patronalak, LAB eta UGTk.

2016an abiatu zuten lan hitzarmena ezartzeko borraka langileek. "Akordio historikoa" erdietsi dutela azaldu du LABek: "Erakutsi digute merezi duela antolatzea, mobilizatzea, borrokatzea eta grebara joatea". Sindikatuak azaldu duenez, "ez da erraza izan sakabanatuta dauden langileak aktibatzea". Baina ehunka langile batu dira borrokara, eta aurreakordioa lortu zuten atzo patronalarekin. Gaur berretsi dute Nafarroako Gobernuak, patronalak, LAB eta UGTk.

Langileen lan baldintzak duinduko ditu lan hitzarmenak, LAB sindikatuak ohar bidez azaldu duenez. 2021ko uztailetik aurrera, zailtasunak dituzten enpresentzako behin behineko akordioa egitea aurreikusten du, 2022ko ekainera arte. Lanaldia 20 orduz murriztea ekarriko du hitzarmenak. 2024ean 1620 ordura iristea ezarriko du helburu. Oporraldiak, halaber, handituko ditu, progresiboki, 2024an 32 lanegun edo 44 egun natural izateraino. Asteburuak eta jaiegunak, txandakako lana, gaueko lana, antzinatasuna, zaintzak eta erantzukizuna aitortuko zaie langileei, plus gisa. 

Datorren urteko oinarrizko soldatak ere ezarriko ditu hitzarmenak, eta %13ko soldata igoera hitzarmenaren indarraldian. Lau urteko iraupena izanen du esku hartze sozialeko lan hitzarmenak. 

Esku-hartze sozialeko zerbitzuetan 2.000 langile ari dira lanean, diru publikoaren bidez finantziatzen diren hainbat elkarte, fundazio eta enpresa pribaturen lan zentroetan banatuta. Sindikatuak salatu dutenez, Hamar urte baino gehiago daramatzate soldatak eguneratu gabe. "Urte hauetan KPIaren %12ko igoerak eta soldaten izozteak langile bakoitzari 15.000 euro baino gehiago galtzea ekarri dio, erosteko ahalmenean", ohartarazi dute. LAB sindikatuak ordezkaritza sindikalaren %70a du sektorean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!